HAUTESKUNDEAK

Urkullu: "Estatus berri baterako, landu behar dugu alderdien arteko gutxieneko adostasun bat"

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren gobernua osatze aldera norekin hitz egingo duen ez du argitu EAJko lehendakarigaiak: "Emaitzak kontuan hartuta ikusiko dugu".

2012ko irailaren 19a
12:54
Entzun

Alderdi politikoen artean "gutxieneko adostasun bat" defendatu du Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak EAE Euskal Autonomi Erkidegoko estatus politikoa aldatzeko. "Geure buruaren jabe izateko eskubide osoa dugu", esan du, eta herritarren gehiengoaren asmoak "zehaztu eta gauzatu" egin behar direla erantsi du. Urkulluk "egunerokotasuneko nazio eraikuntza" aldarrikatu du, eta Nafarroarekin eta Ipar Euskal Herriarekin "normaltasunezko harremanak" izateko nahia agertu du.

Euskadi Irratian elkarrizketatu dute Urkullu. Hauteskundeak igaro ondoren norekin saiatuko den gobernu akordio bat lortzen galdetuta, Urkulluk ez du zalantza argitu: "Urriaren 21a baino lehen lan egin behar dugu, 21ean bozkatu egin behar dugu, eta emaitzak kontuan hartuta ikusiko dugu".

Normalizazio politikoaz ere jardun du. Bizikidetzan urratsak egin behar direla esan du, eta lehentasunezkotzat jo du "aniztasuna eta pertsona guztien eskubideak errespetatzea". "ETAren menpe" dauden presoei eskatu die Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak edota ETAko zenbait presok erakutsitako jarrera azaltzeko eta iraganaren berrikusketa kritikoa egiteko. Edonola ere, "lan isila" defendatu du normalizazio prozesurako.

Espainiako erregeak independentzia nahia "ameskeria" dela esan duela-eta, Urkulluk autokritika egitea galdegin dio: "Ohituta nago erregeak Espainiaren batasunaz hitz egitera. Errealitate nazionalak garenon nahiak areagotzen ari diren garaiotan, pentsatu beharko luke zergatik gertatu den hori, eta zer egin duen urte guztiotan zehar aniztasuna bermatzeko".

Murrizketen inguruan, gainditu ezineko hiru lerro nabarmendu ditu Urkulluk: "Denok dakigu gerrikoa estutu behar dugula, baina kontua da zertan estuten dugun, eta EAJk argi du zertan ez duen moztu behar: hezkuntzan, osasunean eta gizarte zerbitzuetan". Espainiako Gobernuak funtzionarioei gabonetako lan saria kentzearen aurka azaldu da, baina neurri hori Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezartzea "nahitaezkoa" den aztertu beharra dagoela ñabartu du. Halaber, esan du "susmoa" duela zenbatekoa izango den Patxi Lopezen exekutiboak hurrengo Eusko Jaurlaritzari utziko dion "hipoteka". Krisiari aurre egiteko "alderdien eta erakundeen arteko akordio zabal bat" proposatu du, eta ekonomia berpizteko, hartu beharreko lehen neurriak "enpresei atxikitutakoak" izan behar direla gaineratu du.

Gazteen enpleguaz eginiko eskaintzaz, berriz, esan du langile izan nahi duten gazteei "laguntzak" eman behar zaizkiela enpresetan aritzeko, eta baita autoenplegua sustatzeko ere.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.