Iñigo Urkullu (EAJ) Eusko Jaurlaritzako lehendakariak astelehenean adierazi zuen "beste espetxe politika bat" eskatuko diola Mariano Raxoi (PP) Espainiako gobernuburuari. Besteak beste, euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara gerturatzea galdegingo dio. Haren arabera, Jaurlaritzak EAEko kartzelen eskumena izan beharko luke.
Astelehenean, halaber, esan zuen "errealitate nazionalei" erantzuna emateko eskatu diola Raxoiri. "Estatu gisa arazoa dauka Espainiak, eta erantzun egokia eman beharko die Euskal Herriko eta Kataluniako errealitate nazionalei".
Biak hilaren 30ean bilduko dira Madrilen, Moncloa jauregian, Espainiako Gobernuko iturriek esan dutenez. Iazko abenduaren erditik da Urkullu Jaurlaritzako lehendakari, eta karguan denetik aurreneko aldiz batzartuko da harekin.
Larunbatean Bilbon euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio handi bat izan zen. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ez du aintzat hartu mobilizazioa, eta ETAri berriro eskatu dio desegiteko. "Gobernuak ondoren jakingo du gaia kudeatzen, lege esparruan", esan zuen astelehenean.