Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko buru eta Eusko Jaurlaritzako lehendakarigaiak Bilboko Sanbin Etxean egin du agerraldia, Eusko Legebiltzarrerako bozen aurrerapena baloratzeko. Urkulluren esanetan, amaitu da subiranotasunik gabeko garaia. Hala ere, Patxi Lopezen agintaldia iragana dela azpimarratu du lehendakarigaiak eta EAJk etorkizunera begiratzen duela adierazi; "galdutako denbora eta tokia berreskuratzeko garaia da".
Hain zuzen, etorkizunean, "Euskadi berpiztuko duen" gobernua behar dela dio Urkulluk; "hondamen ekonomiko hau gainditzeko lana egingo duena. Gestio publikoan, Gobernu diziplinatua eta zorrotza. Egitasmoa izango duena". Urkulluren esanetan, bere alderdiak eraiki du azkeneko 30 urteetan ongizate eredua eta alderdiaren urteetako esperientzi hori nabarmendu du. Lopezek, aldiz,"bakardadeari eta ahultasunari" aurre egiteko gaitasunik ez du erakutsi, Urkulluren arabera, eta ezin izan du gainontzeko administrazio eta erakundeekin ere adostasunik lortu.
Lehendakariagaiak esan du zerga sistemaren erreforma "beharrezkoa" dela, beti ere, erakunde bakoitzaren eskubideak errespetatuz. Krisiari aurre egiteko beste zenbait neurri aurreratu ditu Urkulluk: enpresei likidezia emateko fondoa sortu, gazte enplegua bizkortzeko plan berezia planteatu eta erakundeen arteko akordioa bultzatu. EAJk, lankidetza politikoa eta erakundeen arteko hitzarmena bilatuko dituela nabarmandu du Urkulluk.
Bestalde, bozen ostean etor daitezkeen akordioen inguruan galdetuta, eztabaida hori hauteskundeen osterako utzi behar dela esan du Urkulluk eta, itunak lortzerako orduan, gobernu formula zehatza baino adostasunerako gaitasuna behar dela adierazi du.