Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Urkullu, «gobernatuko duen gobernua» gidatzeko prest

«Erakundeen arteko akordioak» bultzatu beharra nabarmendu du, besteak beste zerga sistema aldatzeko

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Etorkizunari begira mintzatu zen atzo Iñigo Urkullu, EAJren lehendakarigaia, Eusko Legebiltzarrerako bozen aurrerapena aztertzean. Atzera begiratzeari uko egin zion: «Patxi Lopezen gobernua, zorionez, iraganeko gauza da jada». Euskal gizartea beste gobernu bat eskatzen ari dela nabarmendu zuen, «gobernatuko duen gobernua», eta berori gidatzeko «konpromisoa» agertu zuen: «Galdutako denbora eta tokia berreskuratzeko garaia da». Gidaritza horretarako bidelaguna nor izan daitekeen, ordea, ez zuen argitu: «Gobernu formula bat baino gehiago, adostasun zabalak lortzea da gure asmoa».

Zehazki, «erakundeen arteko akordioak» izan ditu hizpide, hiru xederekin: krisitik ateratzea, «iazko urritik dugun egoera sendotu eta bizitza normalizatua bermatzea» eta autogobernua definitzea. Lankidetza politiko hori izango da EAJren programaren ildo nagusietako bat, «gobernu motorra» eratzeko bidean.

«Proposamenak egingo dituen gobernu bat gidatuko dugu», erantsi du lehendakarigaiak. Egitasmoei buruzko pintzelada batzuk ere eman ditu: kontsumoa biziberritzeko renove planak, enpresei likidezia emateko funtsa, gazteen enplegua bizkortzeko proiektua, inbertsio publikoa berrabiatzeko akordioak... Urkulluk gogora ekarri du bere lantaldeak badaukala esperientzia kudeaketan: «EAJren ereduak gidatu du Euskadin azken 30 urteotan ongizate estatuaren eraikuntza».

Baina diru kutxan sartutakoa baino gehiago ez gastatzeko premisa ere nabarmendu du jeltzaleen buruak. Eta, horretarako, zerga sistemaren erreforma «beharrezkoa» dela gaineratu du, «progresibitateak, berdintasunak eta gizarte justiziak» gidatuta, baina «erakundeen eskumenekiko begirunetik abiatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.