"Herri hau etorkizunerako berreskuratzea da EAJren konpromisoa". Hala esan du gaur Gasteizen Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak, Arabako EAJko udal eta foru ordezkarien aurrean egindako hitzaldian. Azken batean, "Euskadirentzat lehen tokia berreskuratzea" da alderdi jeltzalearen xedea, Urkulluren arabera.
Horretarako, "gobernatzeko bestelako era bat" aldarrikatu du, eta helburuen artean jarri ditu "erakundeen kudeaketan zorroztasuna eta diziplina berreskuratzea, kontu publikoak bere onera ekartzea, administrazioan exijentzia berreskuratzea, entrepresa, industria eta ekintzaileentzako babesa berrabiatzea, partekatzen ditugun inbertsio egitasmoak berreskuratzea, eta esparru publiko-pribatuaren arteko aliantza berrindartzea".
Hain segur, Urkullu bera izango da EAJk Eusko Jaurlaritzarako aurkeztuko duen hurrengo lehendakarigaia, baina EBBko burua beldur da ustez ETAgatik Euskal Herritik alde egindakoen botoak jasota PP eta PSOEk ez ote duten EAEko mapa aldatuko. "Europa osoan, mundu demokratiko osoan ez dago sistematikoki hauteskunde mapa aldatzeari ekiten dion beste estaturik, eta PP eta PSOEk hori dena egin nahi dute euren eredu politikoa inposatzeko. Prest daude euskal mapa politikoa aldatzeko edozer egiteko".
Urkulluk uste du PP eta PSOE "Euskadin politikoki eta ideologikoki ahul" daudela, baina hori "Espainian duten indarrez konpentsatu nahi dute. Legeak era arbitrarioan modifikatzearen bidez egin nahi dute".