POLITIKA

Urkullu: "Itundutako erabakitzeko eskubidea gauzatzea proposatzen dut"

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak azaldu du ez dituela egoera ekonomikoaren eta eztabaida politikoaren eztabaida bereizten, baina zehaztu du herritarren lehentasuna "krisialditik irtetea" dela: "Ez dago euskal ekonomiaz hitz egiterik ez badugu ulertzen lotura batean bizi garela".

Urkullu, atzoko eztabaidan. RAUL BOGAJO, ARP
jon olano
2013ko irailaren 20a
20:51
Entzun

Politika orokorreko osoko bilkuraren biharamunean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria elkarrizketatu du Euskadi Irratiak. Estatus politikoa aldatzeak erabakitzeko eskubidearen gauzatzea jasotzen ote duen galdetuta, baietz erantzun du Urkulluk: "Bada garaia Euskadi, Euskal Herria, nazioartean nazio gisa aitortua izateko. Planteatzen dudana da itundutako erabakitzeko eskubide hori gauzatu ahal izatea".

Eskoziak eta Erresuma Batuak galdeketa egiteko lortutako akordioa jarri du adibide modura: han "posible izan da hitzartzea", oroitarazi du. Halaber, estatus politikoari buruzko galdeketa legealdi honetan egiteko nahia azaldu du.

Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarreko lantalde baten esku utziko du estatus politikoari buruzko eztabaida, eta zergatia azaldu du Urkulluk: "Jaurlaritza eta lehendakaria abertzaleak izanda, horrelako planteamentu bat jarriko banu, tirabirak sortuko lirateke. Legebiltzarra izan beharko litzateke eztabaida horretarako gunea, aniztasuna kontuan hartuz, legeriak uzten dizkigun zirrikitu guztiak baliatuz".

Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak atzoko eztabaidan esan zuenez, ezin dira bereizi krisi ekonomikoari eta estatus politikoari buruzko eztabaidak. Urkulluri horren inguruan galdetuta, berak ere ez duela bereizketarik egiten erantzun du, baina ñabardurekin: "Gaur egun, herrritarren lehentasuna krisialditik irtetea da. Ekonomikoki ez dago independentziarik, interdependentzia baizik. Ez dago euskal ekonomiaz hitz egiterik ez badugu ulertzen lotura batean bizi garela".

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 2003an eginiko proposamena eta berea zertan bereizten diren galdetuta, Urkulluk esan du "eduki aldetik desberdintasun handirik" ez badago ere "prozedura" dela ezberdintasun nagusia. "Errealismo juridikotik" abiatu behar dela uste du.

Bake lantaldea

Bake Planari ekarpenak egiteko azken eguna izan da gaur; egitasmo horren eta legebiltzarreko bake lantaldearen inguruan mintzatu da Urkullu. "Ahalegin berezi bat egin behar dugu ahalik eta adostasun zabalena lortzeko. Plan bat proposatu dugu, baina irekia utzi dugu, ekarpenak kontuan hartu ahal izateko". Azaroan onartuko du Jaurlaritzak plana.

Lantaldeaz, hura bertan behera ez geratzearen alde agertu da: "Beste kontu bat da abiadura nola kudeatzen den". Gaineratu du "azken bileran izan ziren bi alderdiak baino gehiago" egon behar dutela —soilik EH Bildu eta EAJ izan ziren bilera hartan—. "Espero dut abiadura moteldu behar bada beste talderen bat gehitzea eta lantaldeak bere zeregina berreskuratzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.