Biktima guztien oroimen eta aitortza izan du Iñigo Urkullu EAJren lehendakargaiak hitzaldiaren hasieran. Inor bere ideiengatik jazarria ez den garaia dela nabarmendu du. "Ideiak aske defenditu daitekeen aroa, demokraziaren aroa". Haren arabera, eztabaidari izkin egiteko ez dago aitzakiarik. "Legebiltzarra elkarrizketarako eta erabakiak hartzeko lekua izatea nahi dut".
Elkarrizketa eta akordiorako deia egin du Urkulluk, inbestidura saioko hitzaldian. Hiru egiteko handi dituztela berretsi du: ekonomia suspertzea, bake eta elkarbizitza bultzatzea, eta estatus berrirako akordioa lortzea. Hiru horietan aurrena, eta premia larriena duena ekonomia suspertzea dela uste du, eta horregatik, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko gogor lan egingo duela hitz eman du. Aurrekonuak onartu ostean, berraktibazio eta enplegurako plana aurkezteko konpromisoa hartu du.
Gobernua eskuratzen badu, egoera larriari aurre egin beharko diola badaki Urkulluk: "Krisialdi luze, larri eta sakona dago". Baina, lana ondo eginez gero, handik ateratzea badagoela dio. Dinamika berriak sortuko dituen gobernua behar dela. Lehendakarigai jeltzalearen irudiko, lehentasuna ekonomiaren berraktibatzea da, eta lana sortzea. Egoerak eskatzen duen batasuna ahalbidetzeko lana egingo duela dio. Gainerako alderdiek ere krisitik ateratzeko lan egiteko prestasuna badutenez, horretan saiatuko dela esan du.
Konpromisoa hartu du: aurrekontuak onartu ostean, aurkeztea ekonomia berraktibatzeko eta enplegua sortzeko plana. "Ahalik eta adostasuan handiena lortzeko erronka daukagu". Bi "uste nagusi" ditu gaiari aurre egiko. Bat: beharrezkoa dela jarduera ekonomikoa eta enplegua mantentzeko neurriak hartzea, enpresak modernizatzeko ekimenak bultzatzearekin batera. Eta bi: neurri horiek ahalik eta arinen hartu behar direla, orduan eta eraginkorrago izateko.
'Basque country' marka zabaltzen euskal enpresei laguntzeko konpromisoa ere hartu du.
"Elkarbizitza linguistikoa"
Kalitatezko zerbitzu publikoa bermatuko duela ere esan du. Euskal hezkuntzaren motore "bikaintasuna" izatea dela dio. Hezkuntza "banaketa elementu" bihurtzerik ez dutela onartuko aurreratu du: "Madriletik banatzeko inposatzen saiatzen diren eredu horrren aurrean, euskal hezkuntzaren autogobernu eredua indartzea planteatuko dugu".
Halaber, kulturak gizarte kohesiorako motore izan behar duela uste du Urkulluk. "Era beran, Euskadin konpromisoa bultzatu nahi dugu euskararekin eta elkarbizitza linguistikoarekin". Hizkuntza "gizartearen elkarbizitzarako zutabetzat" hartuko duela dio, "elebitasun berdintzaile eta orekatzailean" sinesten duela dio, "hiritarren aukera berdintasuna eta askatasuna egiazki bermatzeko".
Konpromisoa "jardunaren bidez" frogatuko duela aurretatu du Urkulluk, "politika proaktibo eta eraginkorrak" bultzatuko dituela.
Bakea eta elkarbizitza
Bake eta elkarbizitzan aurrera egiteko lekua izan behar du Eusko Legebiltzarrak EAJren lehendakarigaiaren irudko. Alderdi guztiak bertan daudela ekarri du gogora, eta batzuetan eztabaida sutsuak izango dituzten arren, astero elkar ikusiko dutenez, aukera paregabea dutela.
Bake eta Giza Eskubideetarako Euskal Egitasmoa egin nahi du, guztien artean, behin betiko bakea eraikitzera bidean. "Egindako bidearen ebaluazio kritikoa" ere egingo dutela dio: "Ariketa horrek elkarrekin egin beharko dugun bidea zehazten" lagunduko duela uste baitu.
Bake eta elkabizitzarako ponentziari jarraipena emango diotela eta berretsi du, eta Oroimena, Elkarbizitzaren eta Giza Eskbideen Institutua ere sortuko duela.
Estatus politiko berria
"Euskal transizioa" martxan dela dio Urkulluk. Eredu autonomikoan zegoen konfiantza hautsita dagoela esan du. Horregatik, autogobernu eredua "eguneratu" behar dela dio, eta hori sentsibilitate guztien artean adostuta egin daitekeela eta egin nahi duela azpimarratu du.
Horretarako alternatiba politiko guztiek parte hartuko duten txostena sortzea proposatu du. "Aniztasunean sinesten dut, ezberdinen arteko akordioan, eta benetan uste dut akordio hau egingarria dela, aldi honetan, toki honetan".
Aurreko beredatzi legegintzaldietan lan egin duten legebiltzarkideekin gogoratuz hasi du hitzaldia Urkullu. "Ez zuten beraiek eskuzabaltasunaren ordaina jaso". Zerbitzu publikoaren ahalegina azpimarratu du.
Gobernu berria
Lehendakari aukeratzen badute osatuko duen gobernuaren ezaugarri batzuk eta aurreratu ditu: Inoiz egon den Jaurlaritzarik murritzena osatuko duela esan du: "Administrazio Publiko osoarentzat ere nahi dugu eredugarri eta erreferente izatea. Erakunde guztiok, funtzio publikoa bere osotasunean, doikuntza eta gastua murrizteko lehen aldia bizitzen ari gara, eta biziko dugu".