EAJk Aberri Batzarra egin du Gasteizen, eta oniritzia eman die Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztuko dituen zerrendei. Batzarrak aho batez izendatu du Iñigo Urkullu lehendakarigai, eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentegai.
Ondorengo hitzaldian, ekonomia eta autogobernua izan ditu mintzagai Urkulluk, besteak beste: "Itun politiko berri baten alde lan egiten dugu, euskal herritarren erabakiaren fruitu dena, prozedura legalak jarraituta". Haren hautagaitzaren inguruan, esan du "sinesten" duen politikaren "balioen" arabera jarraituko duela lanean: "Elkarrizketa, akordioa eta lankidetza".
Urkulluren esanetan, alor ekonomikoan "hazi" eta "aberastasunaren banaketa hobetu" nahi du EAJk: "Laguntzak gehien behar dutenei hel daitezela. Kalitatezko enplegua sortu". "Programaz hitz egiteko eguna" ez zen arren, "oinarriak" aipatu nahi izan ditu: "Etorkizunak zeozer hobea gordea du guretzat".
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak ere hartu du hitza. Uste du gainerako alderdiak "EAJren alternatiba izateko lasterketa ero batean sartuta" daudela: "Batzuk ez dakite zer izan nahi duten ere". Espainiako egoera politikoari ere erreparatu dio: "Ikusi dugu zer etorri daitekeen Espainiako lau alderdien eskutik. Merezi al du horiei konfidantza ematea?". Azaldu du EAJ ez dela "Madrilekin negoziatzearen beldur", baina "bakoitza bere etxean. Haiek berean, Espainian. Guk gurean, Euskadin".
Ekonomiari dagokionez, Ortuzarrek esan du "urte gogorren buruan eguzkia ikusten" hasi dela euskal gizartea: "Udaberria atzeratu da baina hemen dago jada, hein batean EAJri esker".