Urkullu: "Onurak jasotzean badago damuaren zentzua"

ETAren desarmatzean Ertzaintza parte hartzeko prest dagoela esan du Jaurlaritzako lehendakariak.

Urkullu, egiaztatzaileen agerraldiaren ostean. L. J., ARP
jon olano
2014ko martxoaren 12a
10:47
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hizpide izan du EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide diren presoek hurbiltzeko eskaerak egiten hasi izana. Euskadi Irratian eginiko elkarrizketan, azaldu du ez dakiela "testualki" zein den eskaeraren mamia, baina, haren ustez, "hor badago onurak jasotzeko orduan damuaren zentzua edo egindako min injustuaren aitormena".

Uste du presoak "bideratzeko ariketa batean" ari direla, eta oroitarazi du Espainiako Konstituzioan presoen gizarteratzea ageri dela espetxealdiaren helburu gisa. Halaber, ohartarazi du "tentazioa" egon ohi dela "eszenifikazioak" hauteskundeekin lotzeko.

"Presoek egin beharreko bidea egin behar dute, eta aitormena gakoa da. Beste batzuok isilean lan egin beharko dugu, Espainiako Gobernuarekin adostasun bat bilatuz", azaldu du Urkulluk.

Ahotan izan du ETAk desarmatzerantz eginiko urratsa ere. "Eszenifikazio oso bitxia" izan zela uste du, ez zela "nahikoa" izan, eta "ETAk nahiz izanez gero" Ertzaintza desarmatzean parte hartzeko prest legokeela adierazi du. Hala ere, ohartarazi du horrek "berme juridiko eta legal bat" behar duela eta horregatik Espainiako Gobernuarekin adostasuna bilatu beharko litzatekeela.

Bestalde, Bilbon eginiko Global Forum Spain bilkuraz mintzatu da. "Gu ez ginen antolatzaileak, gonbidatuak ginen. Harrera bat egin behar genien, eta mezu bat plazaratu behar genuen; Euskadi zer den eta Euskadiren ekonomia nola garatu den, zein den egungo egoera eta zerk egiten gaituen ezberdin; eta, krisi egoeran, zertan jarri behar dugun indarra".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.