Jaurlaritzaren gobernu kontseilua

Urkullu, Otegiren inhabilitazioaz: "Zer egiteko erantzukizuna daukagu guk?"

"Ebatzi behar den lekuan ebatziko da, eta Otegik berak esan du sententzia beteko duela", adierazi du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. "Oportunismo politikoa" egotzi dio EH Bilduri.

Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Hodei Iruretagoiena
2016ko abuztuaren 30a
07:42
Entzun

"Prozesu juridiko tekniko bat dago, ez dago eztabidarik. Otegik berak esan duenean prozesu horren emaitza beteko duela, zer egiteko erantzukizuna daukagu guk? Ezer ez". Hala hitz egin du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk EH Bilduko Arnaldo Otegiren inhabilitazio auziaz. Bateragune auziaren "kausa eta ondorioen aurka" dagoela esan du: "Horrekin dena esanda dago".

Ikasturteko lehen gobernu kontseiluaren ondoren egin ditu adierazpen horiek Eusko Juarlaritzako lehendakariak, sailburuak aurrean zituela. Otegik atzo adierazi zuen, bera lehendakari balitz, prest legokeela ez aurkezteko, eta horri ere erantzun dio Urkulluk: "EH Bildu kontziente zen egoeraz. Ez dut ikusi EH Bilduk hautagaitzarik erretiratu duenik". 

Atzera ere begiratu du lehendakariak auzi horretan, eta Juan Maria Atutxa, Gorka Knorr eta Kontxi Bilbaoren kasua ekarri du gogora —Batasunaren legez kanporatzearen ondoren, haien legebiltzar taldea ez desegiteagatik inhabilitatu zituzten—. "Hura ere ezin izan genuen saihestu", esan du Urkulluk: "Atutxari betoa jarri zioten. Nork jarri zion?".

"Fronterik" ez

Gainerakoan, Espainiako egoera politikoaz hitz egin du gehienbat Urkulluk. PP eta Ciudadanosen arteko akordioak "kezka" eragin diola jakinarazi du: "Estatua indartu nahi dute autonomien gainetik. Non dago gure singulartasuna?". Hala ere, Urkulluk uste du Espainiako egoerak ez lituzkeela EAEko bozak eta ondorengo negoziazioak baldintzatu behar. "EAJrentzat, ez ditu baldintzatuko".

EH Bilduk larunbatean egindako elkarrizketarako eskaintzaz, berriz, adierazi du ez duela "fronterik" nahi. Erabakitzeko eskubidearen alde dagoela, baina "denekin" hitz egin behar dela zehaztu du lehendakariak: "Ez batzuekin bai eta besteekin ez". Legebiltzarreko autogobernu lantaldean egindako proposamena mantentzen dutela ziurtatu du EAJkoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.