M-22. Udal eta foru hauteskundeak

Urkullu: «PSCk Katalunia nola, PSEk zorpetuta utziko du Jaurlaritza»

EAJko buruaren arabera, eurek «superabita» utzi zuten Ajuria Enetik irteterakoan; orain, «arduratuta» dago Lopezen kudeaketazOlanoren iritziz, Lopezen eta Zapateroren eredu ekonomikoak porrot egin du

Eneko Goia, Xabier Ezeizabarrena, Markel Olano eta Eider Mendoza, EAJk Donostian egindako ekitaldi politiko batean. ANDONI CANELLAD / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ezkor eta arduratuta agertu zen atzo EAJren Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari Iñigo Urkullu, Patxi Lopez lehendakariaren Eusko Jaurlaritzak bi urteotan egin duen zorpetzearekin. Radio Euskadi irratiari eskainitako elkarrizketan, Urkulluk esan zuen kezkatuta dagoela, Eusko Jaurlaritzako etapa amaitzerakoan PSCk Katalunian utzi duen herentziaren modukoa utziko duela PSE-EEk Euskal Autonomia Erkidegoan; alegia, zor handia.

EBBko lehendakariak azaldu zuen Katalunian CiUk iragarritako doikuntza ekonomikoak bere aurreko gobernuak altxor publikoan utzi duen zuloari erantzuten diola, eta uste du antzera jokatu beharko dutela PSE-EEk Eusko Jaurlaritza uzten duenean lekua hartuko diotenek.

Urkulluk emandako datuen arabera, PSE-EEk Eusko Jaurlaritzan daramatzan bi urteotan, sei aldiz biderkatu da zor publikoa. Horregatik, EAJko burua beldur da legegintzaldia amaitzen denean Jaurlaritzan Generalitatean gertatu den gauza bera gertatuko den.

Hala ere, Urkulluren ustetan, Euskadi ez dago Kataluniaren egoera berean: «EAJk diru kutxak superabitarekin utzi zituelako Ajuria Enetik joan ginenean». Baina buruzagi jeltzaleak aitortu zuen orain «kezka handiz» begiratzen diola Patxi Lopezen gobernuaren ekonomia kudeaketari.

«43.000 langabe gogoan»

Gipuzkoako jarduneko diputatu nagusi eta kargu bererako EAJren hautagai Markel Olanok ere Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoa salatu zuen atzo. Olanoren arabera, Patxi Lopez lehendakariak eta Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterok «porrot egin duen eredu ekonomiko bat» bultzatu dute. «Zapateroren eta Lopezen ereduak, zeina inprobisazioetan inspiratu den, mesfidantza besterik ez du eragin. Gu gertu izan gaitu eta izango gaitu herri honen eredu propio eta serio baten aldeko lanean, baina inoiz ez kolpe batean desagertzen den mami gabeko edozein eredutan», esan zuen Olanok.

EAJk, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundia aipatu zuen Olanok, krisiaren aurkako «plan eraginkorra» ahalbidetu du, «administrazioaren kudeaketa egoki eta zorrotzaren bitartez».

Miramongo Parke Teknologikoan (Donostia) egin zituen adierazpenok EAJren hautagaiak, besteak beste Eneko Goia Donostiako alkategaia alboan zuela.

Langabezian diren gipuzkoarrak ere aintzat hartu zituen Olanok: «Gure lurraldean estatuko langabezia tasa txikiena dugu, baina, hala ere, ezin diogu lan egiteari utzi. Errealitate gordina daukagu, 43.000 gizon-emakumek osatzen dutena eta gure politika ekonomikoaren ardatza izango dena», adierazi zuen. «Berrikuntza eta garapena indartzeko planak» egingo dituela eta «ekintzailetasunaren eta nazioartekotzearen aldeko neurriak» hartuko dituela ere hitz eman zuen Olanok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.