Sorturen legeztatze prozesua

Urkullu: «Sortu bozetan nahi dugu; printzipio kontua da»

Espainiako Auzitegi Gorenak asmoen gaineko balio judizioak egitea «kezkagarria» dela dio EAJko buruak

jon olano
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Sortu legezko izatea eta maiatzeko udal hauteskundeetara aurkeztu ahal izatea nahi du EAJk. Hala jakinarazi du EAJko presidente Iñigo Urkulluk. Sorturen legeztatzearen alde egitea «printzipio kontua» dela ziurtatu du, eta printzipioekin ez dutela «kalkulu politikorik» egiten gaineratu du.

Bilbon egin ditu adierazpenok Urkulluk, EHUn emandako hitzaldi batean. Azaldu duenez, Sortu legezko izateak EAJri mesede egiten diola leporatzen diote batzuek, baina kontrakoa ere egozten diotela ohartarazi du —Sortu legez kanpo geratzea EAJren onerako dela—. «Ez bata, eta ez bestea. Sortuk eta gainontzeko alderdiek hauteskundeetan parte hartzea nahi dugu, guretzat, printzipio kontua delako; partaidetzaren eta erakundeen balioaren printzipioa», ziurtatu du.

Urkulluren ustez, «kezkagarria» da Auzitegi Gorenak Sorturen asmoen gaineko balio judizioak egitea; are gehiago, Auzitegi Goreneko epaileek Sortuk legea bete duela onartu ondoren. Froga juridikoki baliagarriak alde batera uztea egotzi dio auzitegiari.

Lopezen «desgobernua»

Ekitaldian, Patxi Lopezek zuzendutako Jaurlaritzak hainbat arlotan izan duen jarrera oroitarazi du Urkulluk. Bi urtean, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari denetik, 45.000 langabe gehiago daudela esan du Urkulluk, eta Eusko Jaurlaritzak ez duela politika ekonomikorik. Urkulluren irudiko, Jaurlaritzak ez du kulturan eta etxebizitzan inbertsiorik egin. «Ez dute egin behar dutena egiten, salbuespen batekin: propaganda», ziurtatu du.

«Hau da dugun desgobernua», azaldu du Urkulluk. Haren ustez, gobernatzeko bi era daude: EAJrena, «arduratsu eta eraikitzailea», batetik; PSE-EEren «utzikeria», bestetik. Zailtasun ekonomikoko garaian, EAJ laguntzeko prest dagoela iritzi dio Urkulluk;PSE-EEk, berriz, adostasunak hautsi dituela gaineratu du.

Urkulluk dei egin du PSEren exekutiboa beste erakunde batzuetara heda dadin saihestera. Horretarako, hauteskunde kanpainarako EAJk izango dituen hiru printzipio nabarmendu ditu: zintzotasuna, gardentasuna eta parte hartzea. Gainera, EAJ maiatzeko bozetara «ilusioz eta gogoz» aurkeztuko dela esan du:«Hauteskunde programa eta talde ona ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.