Politika

Urkulluk adierazi du EAJk ez duela autodeterminazioa proposatu, erabakitzeko eskubidea adostea baizik

Alfonso Alonso Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko PPko presidenteak Urkulluri ohartarazi dio Kataluniako eredua jarraituz gero, "ezegonkortasuna" sortuko duela. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak erantzun du erabakitzeko eskubidea ukatzeak eragiten duela ezegonkortasuna.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, gaur, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran. DAVID AGUILA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko otsailaren 16a
14:19
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politiko berri baten gaineko eztabaida izan dute hizpide Alonsok eta Urkulluk, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran. PPko legebiltzarkideak Urkulluri galdetu dio autodeterminazio eskubidea sustatzea eta Euskadiren egonkortasuna bateragarriak iruditzen al zaizkion. Lehendakariak ukatu egin du EAJk autogobernu lantaldean aurkeztu duen proposamenak autodeterminazio eskubidea jasotzen duenik. Azaldu duenez, alderdi jeltzaleak erabakitzeko eskubidearen ariketa "adostu eta legezkoa" proposatu du. Ezegonkortasun politikoa erabakitzeko eskubidea ukatzeak sortzen duela gaineratu du.

Alonsok "ezinegona" adierazi du, estatus politiko berri baterako EAJren proposamenak Espainiako Konstitutzioaren markoa gainditzen duela eta Espainiaren subiranotasuna urratzen duela iritzita.

EAJren norabide aldaketa baten arriskuez ohartarazi du legebiltzakide popularrak. Haren esanetan, EAE "nazionalista eta ez nazionalisten arteko elkarbizitza eredu" da egun, baina elkarbizitza hori apurtu egin daiteke EAJk Kataluniako independentisten "ezegonkortasun" bideari heltzen badio. 

Urkulluk berretsi egin du legalitatearen, elkarrizketaren eta adostasunaren aldeko apustua, eta nabarmendu du alderdi abertzaleak izan direla urtetan Espainiako Estatuari "egonkortasuna bermatu" diotenak, "Gernikako Estatutua bezalako lege baten" betetzea besterik trukean eskatu gabe. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako autogobernua "gaurkotu eta sakondu" nahi duela adierazi du lehendakariak, "estatuarekin itun berri bat" adostuta.

Aldiz, ezegonkortasunaren eragile jo ditu erabakitzeko eskubidearen printzipioa urratzea, "erakundeen arteko errespetu falta, kultura demokratikoaren gabezia, elkarrizketa eza" eta Madrilek Kataluniako autonomian bultzatu duen esku hartzean "mugak gainditzea".

EAJk bere proposamenean autodeterminazio eskubidea jaso ez duen arren, Urkulluk ukatu egin du eskubide horrek ezegonkortasuna dakarrenik. Lehendakariak argudiatu du Eusko Legebiltzarrak autodeterminazio eskubidearen aldeko ebazpena onartu zuela 1990. urtean, eta erabaki horrek ez duela ezegonkortasunik sortu. Horrez gain, Urkulluk ziurtatu du Nazioarteko Justizia Auzitegiak autodeterminazio eskubidea aitortzen duela.

Autodeterminazioa eta erabakitzeko eskubidea "era interesatuan" nahastea leporatu dio lehendakariak Alonsori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.