Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Urkulluk adiskidetzean «laguntzeko» eskatu dio Raxoiri

EAEko autonomia zalantzan ez jartzeko ohartarazi die jeltzaleak presidentziarako bi hautagaiei

EAJk atzo Bilbon egin zuen hauteskunde ekitaldia. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Mariano Raxoi Espainiako Gobernurako PPko hautagaiaren «zuhurtasunean» eta «erantzukizunean» konfiantza duela adierazi du Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak Madrilen egindako hitzaldian. Orain arte, PPko buruzagia «arduraz» jardun dela esan du, «jaso dituen presioetatik» aldendu egin delako. Raxoik «hauteskunde interesik gabe» jokatu duela uste du jeltzaleak.

Egiten ari den bide horretatik jarraituko duela espero du Urkulluk. Hala, Raxoi gobernuburu bihurtzen bada, euskal gizartea adiskidetzen «lagundu» beharko duela adierazi du. Hori dela eta, Bildu koalizioa legez kanpo uzteko eskatzen dioten guztiei jaramonik ez egiteko eskatu dio Urkulluk, eta «arduraz jokatzen» jarraitzeko.

Raxoi gobernuburu bihurtu edota Alfredo Perez Rubalcaba agintera iritsi, biek ala biek egoera ekonomikoa hobetzeko «adostasun politiko zabala» lortu behar dutela nabarmendu du. EAJ akordio horiek izenpetzeko prest dagoela gaineratu du.

Dena den, EAEko autonomia zalantzan ez jartzeko ohartarazi die biei. Krisi ekonomikoa dela eta, Espainiako eredu autonomikoa ezbaian jarri dute hainbat politikarik, zentralismoarekin dirua aurreztuko delakoan. Urkullu, baina, eredu horren aurka azaldu da: «Ekonomian aurrezteko aitzakiarekin autonomia erkidegoak urtu nahi badituzte, Euskadi ezin dute zaku berean sartu. Ez dugu onartuko hurrengo trantsizioan euskal autogobernua erregionalismo mapa osasuntsu bihurtzea». Hori egiten duenak Euskal Herrian «aliaturik» ez duela izango jakinarazi du.

Errealitate historikoei «errespetua» zor zaiela adierazi du. Gainontzeko autonomia erkidegoen egoera zein den ez dakiela onartu du, baina Euskal Autonomia Erkidegoa «bideragarria» dela ziurtatu du: «Azken bi urteetako kudeaketa txarra izan den arren, Euskadik oraindik berezitasun propioak ditu, eta aukera ekonomiko errespetagarria da».

Parekatzea, «lekuz kanpo»

Egoera ekonomikoaz gain, bakegintza ere izan du hizpide Urkulluk. Agertoki berria dela eta, «itxaropentsu» agertu da, egoerak hobera egin baitu, «garbi». Hala ere, ETArekin oraindik ere jarrera «zorrotza» izan behar dela adierazi du. ETAk«bere erokeriaren ondorioak onartuko dituen eguna» iritsiko dela uste du Urkulluk. Horretaz gain, ETAk armak utziko dituela gaineratu du, «indarkeriari uko egin dion erakunde batek armak ez ditu ezertarako behar».

Aitortza hori iristen denean, biktimei ezingo zaie mina ahazteko eskatu, jeltzaleen buruzagiaren esanetan. EAJk ETAren biktimak beti gogoan dituela gaineratu du, eta kontsolagarritzat jo du ETAren erabakiaren ondoren «bihar biktima gehiago ez direla egongo» jakitea.

Urkullurentzat, «okerra» litzateke biktima guztiak «parekatzea». Gogoratu du Eusko Jaurlaritzan badagoela motibazio politikoaren eta Poliziaren eraginez dauden biktimen inguruko txosten bat, eta desegokitzat jo du haiek ETAren biktimekin alderatzeko alderdi batzuek duten asmoa. «Lekuz kanpo» dagoela gaineratu du.

ETAren erabakiaren ondoren Euskal Herriko gatazka politikoak indarrean jarraitzen duela azaldu du Urkulluk. Espainian gobernu berria eratu ondoren barne eztabaidak «indarra hartuko» duela azaldu du. EAJk babesten duen estatus politiko berria lehenik euskal erakundeetan onartu beharko dela azaldu du, ondoren Espainiako Gorteek ontzat hartu eta, azkenik, herritarrek galdeketa baten bidez erabakitzeko. Urkullurentzat, «ez dago aitzakiarik» ekimena aurrera ez eramateko.

Talde parlamentario propioa

EAJ Espainiako Gorteetan «talde parlamentario propioarekin» aurkeztuko dela adierazi du Urkulluk. Jeltzaleek beste aukerarik ez dutela kontuan hartuko ziurtatu du. Ekonomia bideratzeko akordioek duten garrantzia nabarmendu du, baina parlamentuan bere ordezkaritza lortu ondoren izango da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.