Gaur abiatuko da Ameriketako Estatu Batuetara Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, "Euskadiren irudia" atzerrian zabaltzeko eta politikoki, ekonomikoki, sozialki eta kulturalki ezagutarazteko asmoz. Besteak beste, kongresukide eta senatari ugarirekin batzartuko da, eta AEBetako Europako Gaietarako arduradunarekin ere izango da.
Europako Batasunetik kanpo Urkulluk egiten duen lehen bidaia ofiziala izango da. Igandera arte izango da han, eta Washingtonen izango da aurrena; politikari eta enpresariekin izango da han. Milwaukeera joango da ondoren, Ingeteam enpresak bertan duen lantegira egingo du bisita. New Yorken amaituko du bidaia; hango euskal etxearen mendeurrenaren ospakizunetara joango da.
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburua buru duen ordezkaritza bat atzotik da AEBetan, eta talde horri batuko zaio Urkullu bihar. Tapiak euskal eredu ekonomikoa azalduko du Washingtonen. Urkullu senatari eta kongresukide talde batekin batzartuko da Washingtonen, Euskal Herriaren egungo egoeraren berri emateko. Besteak beste, John Garamendi Kaliforniako kongresukidearekin eta Jom Risch Idahoko senatariarekin elkartuko da.
New Yorken, Columbiako Unibertsitatean hitz egingo du Urkulluk, euskal garapenaren eredua defendatzeko. Guggenheim Fundazioko zuzendaritzarekin ere bilkura bat egingo du bertan, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak lagunduta. Bilboko museoaren hitzarmena berritzeaz jardungo dute.