Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak PPri eta PSOEri erantzun die "arazoari aurre egiteko; horiek ez dira konpontzen baloiari beti aurrera ostikoa jota. Arazo bat konpondu nahi bada, hari aurre egiteko unea da. [EAEko] Estatus berriari buruzko lantaldea da lekua".
Estatutu berri bat eskatu zuen atzo Urkulluk, eta PPk eta PSOEk kritikak egin dizkiote. Legedia betetzeko galdeginez. Kataluniako akordioa errespetatu edota Gernikako Estatutua bete ez dutenak bezala jo ditu alderdi haiek Jaurlaritzako lehendakariak, arratsaldean Facebooken idatzitako mezuan.
Bilboko Plaza Barria bete zuten igandean herritarrek EAJk Aberri Eguna ospatzeko eginiko ekitaldian, Euskadi Europara Begira lelopean. Bertan izan ziren Urkullu, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea eta Jean Telletxea eta Izaskun Bilbao Europako Parlamenturako Ipar eta Hego Euskal Herriko hautagaiak.
Estatus berria eskatu, eta Madrilen jarrera kritikatu zuen Urkulluk: “Argi dago Espainian arazo bat dutela: ‘ez’erantzuten baino ez dakite. Gu ez gara geldituko. Ez dugu amore emango. Halakorik pentsatzen duenak ez du Herri hau ezagutzen".
Euskal Autonomia Erkidegoarentzat estatus politiko berri bat proposatuko du Eusko Legebiltzarrak, eta, beraz, datorrena "elkarrizketa eta negoziazio aldia" dela nabarmendu du Urkulluk: "Madrilen bi alternatiba dituzte: lehena ezagutzen dugu, ‘ezetza’. Hori da ‘konponbidea ez dena’. Arazoa handitzea da, gerorako uztea eta handiago egitea. Bigarren alternatiba da entzutea, begiak errealitatera zabaltzea. Espainia ‘bat’ ez dela onartzea. ‘Bat, handia, askea’ aldarrikatzen zeneko denborak atzean geratu direla onartzea. Nazio errealitate ezberdinak daudela onartzea".
Rajoy eta Rubalcabaren "ukabila"
Ortuzarrek, berriz, dei egin die PPri eta PSOEri "bizikidetza adeitsua" bilatzera: "Bila dezagun gaurko garaiekin eta jendearen borondatearekin bat datorren estatu eredua. Zer demokrazia da jendearen borondatea indargabetzen duena? Guk eskua luzatzen dugu, eta Rajoyk eta Rubalcabak ukabila eskaintzen dute". Errealitate temati horren aurrean, Europara jotzea besterik ez zaigu geratzen".
Europako Batasunari eskatu dio engaia dadila Euskadi eta Kataluniarentzat konponbide bat bilatzeko orduan: "Gu ez gara estatu kide baten barruan dagoen arazoa. Europa barruan arazo eta aukera gara".