Urkulluk «bi abiadura» antzematen ditu ETAn eta ezker abertzalean

EAJko presidenteak dio ezker abertzaleari ETAren su-eten iraunkorra komeni zaiola, «hots bakarrean doazela erakusteko»Ezker abertzalea legeztatzeko «denbora kalkulatuta» dagoela uste du

Erredakzioa
2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
ETA eta ezker abertzalea erritmo ezberdinekin ikusten ditu Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak. Prozesuaren aurrean «bi abiadura» dituztela uste du: ETAk eta ezker abertzaleak norabide berbera izan arren, abiadura ezberdinetan doazela iritzi dio Urkulluk. Ezker abertzaleak 2011ko udal eta foru hauteskundeetan egon dadin, baina, biek «abiadura bikoitza» hartu eta prozesua muturreraino eramateko bidea elkarrekin egin beharko luketela esan du. Urkulluren irudiko, ETAk su-etena aldarrikatu beharko luke ezker abertzaleak hauteskundeetan egoteko modua izan dezan. «Era horretan aldi berean mugitzen ari diren irudipena izango genuke».

ETBk elkarrizketa egin dio EAJko presidenteari. Bertan, Euskal Herriak duen abagune politikoaz mintzatu da Urkullu. Haren ustetan, ezker abertzaleari komeniko litzaioke erakunde armatuak su-eten iraunkor bat egitea, horrela, «hots bakarrean doazela erakusteko». Ez du ETAk iragarriko lukeen meniaren inguruan «espekulatu» nahi izan, baina ezker abertzalea legeztatzeko «denbora kalkulatuta» dagoela esan du. «Ezker abertzaleak udal eta foru hauteskundeetan markaeta estatutu propioekin egon nahi badu, komenigarria litzateke ETAk su-eten batekin laguntzea». Hartarako, baina, «mundu horrek abiadura handiagoa» behar duela iritzi dio Urkulluk: «Abiadura handiagoa behar dute egin beharrekoa egiteko. Eta beraiek badakite zer bide egin behar duten».

Ezker abertzaleak politika egiteko borondatea duela azpimarratu du EAJko presidenteak. Eta horixe da, hain justu, ETAtik desberdintzen duen ezaugarria, haren ustez.Ezker abertzaleak erakundeetan ordezkatuta egon behar dutela iritzi dio, baina horretarako «bide bat egiteke» duela gaineratu du. «Aurrean duten egoera ikusita, Alderdien Legea betetzeko prest daude orain. Beraien esku dago bide hori egitea».

Joseba Egibar EAJko Gipuzko Buru Batzarreko lehendakariak herenegun egindako adierazpenez galdetu diote Urkulluri. Egibarrek esan zuen ETAk armak behin betiko uzten lortzeko eta ezker abertzaleak hurrengo hauteskundeetan parte hartzeko aukera izateko «egokiera ona» dela egungoa.Hori «hala izatea» espero duela esan du Urkulluk.

Balizko su-eten baten inguruko daturik ez du EAJko presidenteak. Hala ere, azpimarratu du badirudiela 2010. urtea «agiria itxoiteko urtea» dela. Adierazpenik egonez gero, behin betiko su-etena iragartzeko izan dadila espero du EAJk, Urkulluk azaldu duenez. «Hala izango ahal da», erantsi du.

Kongresuko erreforma

EAJk, bestalde, Alderdien Legearen aplikazioa gogortzeko erreformaren kontra bozkatu zuen atzo Espainiako Kongresuan. Aitor Esteban diputatu jeltzaleak azaldu zituen kontrako botoaren arrazoiak: «Indarkeriaren amaieraren helburua ezin da testu konstituzionalaren eta eskubide eta askatasunen arloko jurisprudentziaren haustura dakarten bitarteko batzuen menpe jarri». EAJren ustez, PSOEk, PPk eta UPDk babestutako erreformak «boterearen gehiegikeria» sustatu ahal du.

Azkenean, Espainiako Kongresuak aldeko 326 botorekin onartu zuen atzo iluntzean Hauteskunde Erregimen Orokorraren Legearen erreforma, Batasunari aurkezteko bidea ixteko asmoz. EAJ, NaBai, ERC, IU-ICV kontra bozkatu dute. CiU abstenitu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.