Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Urkulluk bihar iragarriko du bozak noiz izango diren

Euskadi Irratiak iragarri duenez, ezohiko bilera egingo du ostiralean Eusko Jaurlaritzak. Lau data aipatu ditu Lehendakaritzak: irailaren 25a eta urriaren 2a, 9a eta 16a.

Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara iristen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
2016ko uztailaren 28a
07:45
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bihar jakinaraziko du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak zein egunetan egingo diren. Hori pentsatu daiteke Lehendakaritzako iturriek Efe berri agentziari esandakoaren arabera: “Litekeena da bihar jakinaraztea”, azaldu diote. Lehendakaritzak esan du bozak ez direla egingo urriaren 23a baino geroago, eta zehazki lau data eman ditu: irailak 25, eta urriak 2, 9 eta 16. Duela lau urte urriaren 21ean izan ziren hauteskundeak, eta EAJk irabazi zituen, 27 aulki lortuta.

Urkulluk berak aitortu du gaur "hausnartzen" ari dela EAEko bozen dataren inguruan, eta Madrilera begira dagoela, Espainiako Gobernua eratzeko urratsen zain. "Gobernuaren eraketak baldintzatu egiten du testuinguru politikoa", azaldu du, Gasteizen. Felipe VI.a Espainiako erregea alderdi nagusietako buruekin bildu da, eta Mariano Rajoy PPren presidentegaiak gobernua osatzen saiatzeko eskaria onartu du, baina inbestidura saiorako datarik ez dute jarri. Urkulluk ez du nahi Espainiako Gorteetarako balizko hauteskundeak EAEkoekin batera egitea.

Arnaldo Otegi EH Bilduren lehendakarigaiak arratsaldeko zazpiak aldera sare sozialetan zabaldu duenez, Urkulluk EAEko bozak aurreratzeko asmoa du: "Jaso dudan informazioaren arabera, Urkullu lehendakariak hauteskundeen aurrerapena iragarriko du. Ezker subiranista prest".

 

 

Goizen, irailaren 25ean egingo lirateke; beranduenez, azaroaren 20an, hori baita muga eguna. Legebiltzarra hauteskunde eguna baino 54 egun lehenago desegin beharko litzateke. Irailaren 25erako deitzeko, azkeneko eguna datorren astelehena du Urkulluk.

Bihar goizean ekitaldi bat izango du Bilbon.

Ahal Dugu-ren lehendakarigaia Pili Zabala izan daiteke, eta adierazi du EAEko hauteskundeak aurreratuz gero bere alderdia "prest" egongo dela erronkari aurre egiteko. "Garrantzitsua" deritzo Urkulluk "ahalik eta azkarren" jakinaraztea bozen data. "Gauza bakoitza seriotasun osoz aztertu behar da, baina denbora nahikoa igaro da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.