Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Urkulluk dio EAJk «elkar ulertzeko arazo handiak» dituela PSE eta PPrekin

Ezker abertzalearekin ia ezer komunik ez duela esan du; hala ere, adostasun handiak lortzeko egin du EAJk gobernatzearen aldeJaurlaritzaren diru kontuak argitzeko biltzea proposatu dio Lopezek hautagai jeltzaleari

Erredakzioa
Bilbo
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidente eta lehendakarigaiaren hitzetan, EAJk «elkar ulertzeko arazo handiak» ditu PSE-EErekin eta PPrekin. Ezker abertzalearekin, berriz, gauza komun gutxi dituela adierazi du, «ezer ez dugula ez esateagatik». Hala ere, egungo egoerak «adostasun handiak» eskatzen dituela aitortu, eta horretarako EAJren gobernuaren aldeko apustua egin behar dela esan du.

«Programa bat duen eta indar politiko guztiekin akordioak eta itunak egiteko aukera duen gobernua da Euskal Herriak behar duena», adierazi du Urkulluk Onda Cero irrati katean egindako elkarrizketa batean. «EAJk proiektu bat, programa bat eta premisa bat ditu: krisi ekonomikoak adostasun handiak lortzea eskatzen digu, eta hori da EAJren borondatea; gobernagarritasun formulez gain, alderdi guztiekin harremanak izatea krisitik indartuta eta batuta ateratzeko».

Gainontzeko indar politikoekin dituen harremanengatik galdetzerakoan aitortu ditu «arazoak». Ezker abertzaleak defendatzen duen gizarte, kudeaketa eta instituzio ereduarekin ez duela loturarik onartu du.

PSE-EErekin eta PPrekin, «elkar ulertzeko arazo handiak» dituela dio. PPrekin, gainera, «harremanak izateko zailtasun handia» duela, Mariano Raxoi Espainiako gobernuburua hartzen ari den neurrien ondorioz. «Egia esan, Espainiako Estatuaren identitate ikuspegian eta eredu ekonomikoan ez dugu bat egite handirik oraintxe».

Hala ere, bozen ondoren hartu-emanak aldatuko diren esperantza du Urkulluk: «Ikusiko dugu hauteskunde egunaren ondoren badugun bat etor daitekeen programarik edo akordio handiak egiteko aukerarik. Espero dut indar politiko guztiekin egiteko aukera izatea».

Diru kontuak eta ikuskaritza

Eusko Jaurlaritzaren diru kontuak kanpo ikuskaritza batek aztertzearen aldeko jarrera berretsi du, bestalde, EAJren lehendakarigaiak. Gainera, gobernu sozialistak Jaurlaritzaren zorraren iturburua aurreko gobernu jeltzaleari egotzi ondoren, «iritzi independenteen» beharra ageriagokoa dela iruditzen zaio.

Hortaz, lehendakari bada, Eusko Legebiltzarrera kanpo ikuskatzaileen iritziak eramango dituela agindu du Urkulluk, «kontuak behingoz argitu daitezen».

Horren berri jakinik, hordagoa egin dio lehendakariak Urkulluri: Jaurlaritzaren kontuei buruzko eztabaida aurrez aurre egiteko gonbita igorri dio. «Alboratu ditzagun kanpaina zikindu eta Euskadiren irudiari kalte egiten dioten gauzak; egin dezagun eztabaida lasai bat biok mahai batean, jar ditzagun zenbakiak, eta esan dezagun pentsatzen duguna».

Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak, Jaurlaritzak ez duela ikuskaritza publiko baterako «inolako arazorik» esan du Lopezek adierazpenak egin aurretik, baina ikuskaritza EAJk ordaindu beharko lukeela zehaztuta.

PSE-EEk aurreko legealdietan ez duela sekula inolako ikuskaritzarik eskatu ohartarazi dio EAJri; «konfiantza izan dugu langile publikoengan, bere ideologia kontuan hartu gabe». Urkulluk orain zalantzan jartzen dituen kontu askoren egileak aurreko gobernukoak zirela aurpegiratu dio, gainera; EAJkoak zirela. Orain, agintean ez egoteagatik kontu publikoak mespretxatzea aurpegiratu dio.

Lopezek, bestalde, agindu bezala %1,5eko defizita lortuko duela hitz eman du, murrizketak saihesten saiatuko dela, eta bozen ondoren ez duela EH Bildurekin akordiorik egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.