Iñigo Urkullu EAJko EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi du kargu horretan dagoenak Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigai izaterik baduela, artean ez litzatekeelako lehendakari. Ondoren legoke EAJko barruan bi karguen "bateraezintasuna", Urkulluk berak gaur Bilbon prentsaurreko batean gaineratu duenez. Hau da, EBBko presidente denak ezin du Jaurlaritzako lehendakari izan, eta alderantziz.
Alderdiko barne prozesuaren ostean, Urkullu da EBBko lehendakaritzarako hautagai bakarra, eta urtarrilaren 15eko Batzar Nazionalean izendatuko dute berriro presidente. 2007tik dago kargu horretan.
Berez 2013ko martxo aldera izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta EAJk oraindik ez du izendatu bere lehendakarigaia. 2009ko bozetan Juan Jose Ibarretxe izan zen EAJko hautagaia. Bozak irabazi arren, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia jarri zen lehendakari, eta Ibarretxek jakinarazi zuen politika utzi zuela.
Urkulluk gaur azaldu du Jaurlaritzarako hautagaiari buruz urtarrilaren 15eko batzarretik aurrera hitz egingo dutela.