Labiren batzorde teknikoak bihar esanen duenaren zain da Eusko Jaurlaritza. «Labiren batzorde teknikoak zer irizten duen itxarongo dugu, eta orduan hartuko ditugu erabakiak», azaldu du Iñigo Urkulluk Talgo enpresak Ribabellosan (Araba) duen lantegian egindako bisitaren ondoko adierazpenetan. Haren esanetan, oraindik ez da argi Labiren Aholku Batzordea bilduko den edo ez.
Oraintxe bertan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarriak diren neurri murriztaileei egin die so lehendakariak. «Zorrotzak» direla esan du, eta, haren esanetan, egoera epidemiologikoren gaineko datuek ez dute ematen horiek arintzeko aski arrazoi. «Momentu honetan, agian ez dago neurriak malgutzeko modurik», adierazi du.
Bestalde, maiatzaren 9an gerta daitekeenari buruzko adierazpenak egin ditu lehendakariak. Dioenez, alarma egoeraren balizko iraungitze datak behartu egiten ditu «gogoeta sakonak egitera». Beste behin, alarma egoera maiatzaren 9tik aitzina luzatzearen alde azaldu da.