Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ

Urkulluk dio ekonomia biziberritzeko itun zabal bat eskatzen duela krisiak

Hautagai jeltzaleak esan du EAJk esperientzia baduela iraganeko krisialdietan, eta nola aurre egin badakiela

Iñigo Urkullu, atzo, Sondikako enpresa batean (Bizkaia). Bertan izan zen Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbao ere. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
2013. urtea «gogorra» izango dela ohartarazi du EAJko lehendakarigai Iñigo Urkulluk, eta esan du «zorroztasuna eta diziplina ekonomikoa berreskuratzeko» baliatu behar dela. Horretarako, akordio zabal baten alde egin du, «ekonomia eta enplegua biziberritzeko». Ildo beretik hitz egin du GBBko buru Joseba Egibarrek ere. Haren esanetan, Legebiltzar mailako adostasuna lortu beharko da, eta ez hainbeste koalizio gobernu bat:«Murrizketak egin egin beharko dira. Hobe da denon artean adostea, bakoitza bere eztabaidan ibiltzea baino».

Sondikako enpresa batean (Bizkaia) egindako adierazpenetan, Urkulluk ohartarazi du azken hilabeteak «bereziki txarrak» izan direla EAEko ekonomiarentzat. EAJko lehendakarigaiak gogoratu duenez, %15era iritsi da langabezia tasa, eta Barne Produktu Gordina %1,3 jaistea espero da aurten. «Hiru hiruhileko daramatzagu atzeraldian», gaineratu du. Gainera, ziur agertu da Eustat Euskal Estatistikaren Insititutuak datorren ostiralean emango dituen langabezia datuak ez direla «onak» izango. 2013rako aurreikuspenak ez dira hobeak, nahiz eta Urkulluk datu esperantzagarriak ere aipatu dituen. Horien artean, Europan industria produkzioa igo izana. «Hori berri ona da hara esportatzen duten gure enpresentzat», esan du.

Egoera hori ikusita, Urkulluk uste du «eutsi eta erein» egin behar dela. Lehen epealdia «eusteko garaia» izango dela dio, gero «hazi ahal izateko». Horregatik, Urkulluk adierazi du 2013an aurrekontu «errealista» bat egin beharko dela, defizitaren eta zorraren «odolustea» geratzeko. Bide hori egiteko, akordio zabala lortu nahi du urriaren 21eko hauteskudeen ondoren osatuko den Legebiltzarrean: «Krisiak borondateak batzea exijitzen digu».

«Eusteko» behar horretaz aritu da Egibar ere, Radio Euskadin egindako elkarrizktean. Egibarrek esan du, nahi ala ez, murrizketak izango direla, eta marra gorriak adostu behar direla osasunean, hezkuntzan eta zerbitzu sozialetan. Demagogia baztertzeko eskatu die gainerako alderdiei, «austeritatea nagusitu egingo delako». Zerga sistemari dagokionez, Egibarrek adierazi du «ekonomia biziberritzearen zerbitzura» jarri behar dela.

Ekonomia biziberritzeko, hainbat neurri aipatu ditu Urkulluk ere. Batetik, kanpotik etor litezkeen enpresen zain egon beharrean, bertako enpresak egin behar dira «handi», Urkulluren iritziz. Merkatua globala dela gogoratu du, eta kanpoko merkatu hori «irabazi» behar dela, horietan salmentak ugarituz.Dena den, eta esportazioen aldeko apustua egin arren, kanpoan erosten denaz «azterketa serioa» egin behar dela dio EAJko lehendakarigaiak; hau da, inportazioak murriztu eta ahal dena EAEn bertan produzitzen hasi. «Krisia mundu mailakoa da, baina irtenbidea ez da etorriko mundutik. Irtenbidea hemen dago», gaineratu du. Bestetik, industria sustatzea eta enpresa txiki eta ertainei laguntzea proposatu du Urkulluk. Azkenik, adierazi du EAJ dela «zorroztasunez» kudeatzekoaukerarik onena, «esperientzia baduelako» eta «badakielako nola egin aurre egoerari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.