hauteskundeak

Urkulluk dio enplegua sortzea dela EAJren "ilusiorik handiena"

EAJren arabera, 6.000 lagun izan dira Bilbon, U-Fest ekitaldian. "Dena emango dut, dena emango dugu, langabezia tasa %10etik jaisteko", esan du jeltzaleen lehendakarigaiak.

EAJren U-Fest jaialdia, Bilbon, Casilda Iturrizar parkean.
2016ko irailaren 11
08:39
Entzun

Irailaren 25eko hauteskunde kanpainan jende talde handiena hartzeko ekitaldia egin du EAJk Bilbon, U-Fest jaialdia, Casilda Iturrizar parkean, eta azaldu du 6.000 lagun batu dituela (argazki bilduma). Iñigo Urkullu lehendakarigaiak EAJren kanpainako eskemari segitu dio, oroz gain enpleguari garrantzia emanez. “Emozioek eta sentimenduek ere mugiarazten gaituzte. Sufrimendurik handiena eragiten didana da hilero enplegu bila dabiltzanen kopurua”, esan du, eta azpimarratu langabezia %10etik jaistea dutela helburu: “Urtebete lanposturik gabe dagoenaren lekuan jartzen naiz, desberdintasun egoeragatik are zailtasun handiagoak dituzten emakumeen lekuan jartzen naiz. Curriculumak bidali eta erantzunik jasotzen ez dituen gaztea irudikatzen dut. Horiek dira gure sentimenduak. Egunero pentsatzen dut pertsona horiengan; gure lana da haiek lana izatea. Ilusiorik ez dugula? Ez dago hori baino ilusio handiagorik: enpleguak hazten jarraitzea, aurrera egitea eta inor atzean utzi gabe. Dena emango dut, dena emango dugu, langabezia tasa %10etik jaisteko. Lortu ahal dugu. Txarto pasatzen ari diren pertsonentzako lana. Hori da gu mugiarazten gaituen sentimendua”.

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak azaldu du alderdi denak berearen aurka ikusten dituela. “Denak EAJren kontra. Gure bila datoz, bai. Eta guk zer egingo dugu? Gu, lasai. Lasai, bai, baina geldirik ez". Espainiako Estatuko egoera eta EAEkoa desberdinak direla adierazi du. “Utz diezagutela Euskadiko kanpaina egiten, Euskadikoa soilik. Hauteskunde hauek ez dira primarioak, eta ez dute ‘ez dakit nongo’ gobernagarritasuna libratuko. Euskadin euskal hauteskunde kanpaina nahi dugu, Euskadikoa soilik”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.