Urte politikoaren hasiera

Urkulluk dio gobernuaren 175 konpromisotatik 142 betetze bidean direla

Urte politikoa abiatzeko bilera egin du Eusko Jaurlaritzak Donostiako Miramar jauregian, urtero bezala. Aurten ekonomia %3 haztea eta langabezia %10etik behera gelditzea espero duela azpimarratu du Iñigo Urkullu lehendakariak.

Jaurlaritzako kideak, gaur, Miramar jauregian. ARITZ LOIOLA, ARGAZKI PRESS
2017ko abuztuaren 29a
07:27
Entzun

Oporretatik bueltan, lanari ekin aurretik, orain artekoari begira jarri da Urkullu, eta ontzat jo du Jaurlaritzak orain arte egindakoa, 175 konpromisotatik 142 betetze bidean direlako. 15 plan estrategikotatik 10 abian direla jakinarazi du, eta beste bostak aurten jarriko direla martxan. Industria hobera doala nabarmendu du, turismoan marka berriak jarri direla, ekonomia hazten ari dela, eta enplegua ere haztea aurreikusten dutela. "Enplegu gehiago eta hobea" lortzea da Jaurlaritzaren helburu nagusia. Aurten ekonomia %3 haztea aurreikusten du, eta langabezia %10etik behera gelditzea.

Ordu eta erdi inguruko bilera egin dute Jaurlaritzako sailburuek, eta haren ostean egin ditu adierazpenak Urkulluk. Kataluniako atentatuei egin die aurreneko erreferentzia, "terrorismo guztien" kontra egotea ezinbestekoa dela azpimarratuz. Eta, geroago, berriz eutsi dio Kataluniaren gaiari, erreferendumari buruz hitz egiteko. Urkulluk argi dauka: "Hitz egin behar da; politika irtenbideak bilatzeko da, negoziazioa, adostasuna eta paktua baliatuz". Ezinbestekotzat jo du Espainiak eta Europak "errealiate nazionalak" onartzea. Orain arte "borondate politiko falta" egon dela azaldu du, eta hitz egiteko deia egin die Espainiako eta Kataluniako gobernuei, "urriaren 1eko erreferenduma iritsi baino lehen".

Espainiako Gobernuak Jaurlaritzaren "autogobernua" onartzen duela erakusten dute, Urkulluren arabera, bi gobernuek egin dituzten akordioek. "Autogobernu ideala identitate desberdinen arteko harmonian eta elkarbizitzan dago". Halere, azpimarratu du EAEk ez duela "bozkatu zuen" estatutua. Lehendakariak adierazi du irailean abiatuko direla falta diren eskumenen inguruko negoziazioak: "Nahiago nuke lehenbailehen balitz". Horietan, Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa eta espetxe sistema izango dira "lehentasunak".

Urratsak presoen gaian

Espetxe sistemaren kudeaketari dagokionez, espetxeen kudeaketa negoziatuko dutela azpimarratu du, "ez espetxe politika". Halere, adierazi du Espainiako Gobernuak lehendakariaren planteamenduen berri baduela alor horretan. Gaur egun, ETAren armagabetzearen ondoren, egoera bestelakoa da, Urkulluren iritziz: "Asko aurreratu dugu, baina behar bezala jorratzeko puntuak geratzen dira". EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak "gizarteratzeko bide legalari heltzeko erabakia" hartu izana garrantzitsua iruditzen zaio Jaurlaritzako lehendakariari. Jaurlaritza gai horretan "diskrezioz" lanean ari dela azaldu du, eta gaineratu du espero duela "aldaketak" izatea: "Helburua gizartearen bizikidetza da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.