Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak esan du lehendakari izateko edozein alderdiren babesa onartzeko prest dagoela. Urkulluk adierazi du aldez aurretik ez dizkiola inori ateak itxiko, urriaren 21eko hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdi guztiak legezkoak direlako.
"Hauteskundeak irabazita gainontzeko alderdien babesa jaso ahal izatea positiboa litzateke", azaldu du Urkulluk eta EH Bildurekin, PSE-EErekin edo PPrekin akordioa egiteko aukerak irekita utzi ditu.
"Kolore bakarreko" gobernua osatzea "ezinezkoa" da EAJko buruaren arabera. "Gobernagarritasun formula hauteskunde programen eta gobernuen bateragarritasunean oinarrituko da", dio. Urkulluren esanetan Raxoirena bezala gehiengoan gobernuan egoteak ez du bermatzen politika egonkor bat egitea. Aldiz, EAJk gutxiengoan agintzen jakin izan duela nabarmendu du, "beste alderdiekin batasunean".
Alderdi guztien arteko elkarrizketak normalak direla adierazi du Urkulluk. ABC Punto Radio hedabidean egin ditu adierazpen horiek gaur goizean.
Gobernu koalizioetaz haratago
Egon daitezkeen gobernu koalizioak aparte utzita, zeinek gobernatu behar du Eusko Jaurlaritzan: hauteskundeetan boto gehien lortzen duen indarrak —gertatzen bada— ala boto gehien ez baina legebiltzarkide gehien lortzen duenak? Alderdi batzuk hasi dira euren iritzia plazaratzen.
Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak adierazi du urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan aulki gehien eskuratzen duenak hartu behar duela gobernatzeko ardura. Haren arabera, "hautestontzietako borondatea errespetatu" egin behar dute indar guztiek, "eta herritarrek erabakitzen badute halako alderdik izatea ordezkari parlamentari gehien, indar horrek goberna dezala".