Azken bi urteak «galdutakoak» izan dira, Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearen hitzetan. Patxi Lopezek lehendakaritzan bi urte egin dituela-eta legegintzaldiaren erdiak eman duenari buruzko balorazioa egiteko Urkulluk esan duenez, «proiekturik gabe» jarraitzen du Lopezek; «ez du gobernatzen», eta iraganean iltzatuta jarraitzen du. Lehendakariaren lidergo faltagatik da hori, EAJko buruaren hitzetan. «Basagoiti-Zapatero pintzak» harrapatuta daukalako, eta ez duelako lehendakari batek behar duen «independentziarik».
Urkulluren ustez, Lopez ez da PPtik aldentzeko gai, eta «ez dio Zapateroren gobernuari aurre egin nahi». Batetik, EAEko PPk «Euskadirako mugak eta politikak» ezartzen dizkiola adierazi du, eta, bestetik, lehendakariak Espainiako Gobernuaren politika «kopiatu eta errepikatu» besterik ez duela egiten.
Euskal politikagintzan giltzarri diren hiru arlotan dago Lopez «Basagoiti-Zapatero pintzak» lotuta, buruzagi jeltzalearen ustez: «Ezker abertzalearen mugimenduen ondorengo une politikoari» dagokionez, autogobernuari dagokionez eta krisi ekonomikoari dagokionez. «Lopezek ez du planik», ondorioztatu du.
Gainera, bi urteotan «ezer ez» egiteaz gain, EBBko presidenteak uste du Eusko Jaurlaritzak indarrak galdu dituela «Euskadik aldaketa behar zuela» sinetsarazteko ahaleginean. «Denbora galdu» besterik ez duela egin, beraz.
«Bi bekatu» egin izana ere egotzi dio Lopezi: Lehendakaritza ezker abertzalea legez kanporatuta eskuratu izana eta agindutakoaren aurkakoa eginda gobernatu izana. «PPrekin ez zuela akordiorik egingo esan zuen hauteskunde kanpainan». Hauteskunde programan aurkeztu zuena ere ez duela bete salatu du.
Hala ere, EAJri esker bi urteon ondoren «Euskadi sekula baino Euskadiago» dela adierazi du Urkulluk. «Euskadik aurrera» egin duela eta hori «EAJren jarrerari eta lanari esker» izan dela. Enplegu Politikarako eskumena eta beste hogei eskumen aurten Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko direla, Kontzertu Ekonomikoa «babestuago» dagoela eta ikerketarako 200 milioi euro lortu direla esanda egin du baieztapena, hori guztiori EAJk Espainiako Gobernuarekin egindako akordioaren bidez lortu dela nabarmenduta.
Garai berria baliatzeko asmoa
«Egonkortasun politikorako eta Euskadin bakerako garai berri bat lortu ahal izateko unea» lortu dela ere esan du Urkulluk, eta hori EAJri esker izan dela. Aurrerantzean bakea eta normalizazioa lortzen saiatuko dela azaldu du, gainera: «Euskadin garai berri baten atarian gaude, eta dagokiguna egingo dugu aukera guztiak baliatzeko».
Joseba Egibar GBBko presidentea ere mintzatu da Jaurlaritzaren egoerari buruz. «Larria» dela esan du: «Sinesten ez duen herri bat ordezkatzen du, eta errespetatu gabe aldatu nahi du».
Egibarren ustez, egoerak «gainditu» egin du Lopez, eta «hainbat suntsiketa» egin ditu: «Oso gai sentiberak ukitu ditu: identitateena, hezkuntzarena eta elkarbizitza demokratikoarena; eta oraindik beste 24 hilabete geratzen dira gizartea jasaten ari den gastatzea sakontzeko».
PSE-EE eta PP «euskal pentsamendua aldatzen saiatu dira», GBBko buruaren hitzetan, hori «errespetatu gabe», gainera. Horixe da, haren ustez, bi alderdi horiek egin duten «akats nagusia». Bestetik, «azken aldaketen» ondotik proposamenak behar direla nabarmendu, eta Lopez ez dela «agertu ere egin» txarretsi du.
Urkulluk dio PPren eta Zapateroren artean harrapatuta dagoela Lopez
Azken bi urteak «galdutakoak» izan direla adierazi du EAJren buruak, Patxi Lopezek lehendakari bigarren urtea bete duenean«Errespetatzen ez duen herria» ordezkatzen du Eusko Jaurlaritzak, Egibarren ustez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu