EAJko lehendakarigai Iñigo Urkulluk esan du ez dagoela prest "inposatutako bizikidetza" baterako, haren ustez Espainiaren eta Euskal Herriaren artekoa "nahi ez dugun ezkontza" delako. Euskal herritarren eta Kataluniakoen eskaria "izaera nazionalaren defentsa" dela esan du Urkulluk, eta gaineratu du PP eta PSOE izan direla Espainiako konstituzioa nazionalitateen alorrean bete ez dutenak.
1979ko Autonomia Estatutua "Euskadiren eta Espainiaren arteko ituna" izan zela uste du Urkulluk, baina, gerora, bestela ulertu dutela hori Madrildik: "Espainiak hausnartu beharko luke euskal eta kataluniar herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea nola gauzatu".
Greba orokorraz, "gaur atzo bezala edo okerrago gaude", esan du Urkulluk. Greba deialdiarekiko "errespetua" adierazi du, baina lan egin nahi dutenentzat hala egiteko eskubidea aldarrikatu du: "Uste dut uneotan ez dela ezer konpontzen grebekin, baizik eta elkarrizketarekin, negoziazioekin eta, elkar lagunduta, jarduera ekonomikoa sortzearekin". EAJk "enplegurako akordio nazional" bat proposatuko duela iragarri du.