Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Urkulluk eta Raxoik «hitz egiteko prest» daudela adierazi diote elkarri

Basagoitiren hitzetan, Raxoik lan erreforma egin eta zerga sistema aldatuko du, «ahal bezain laster»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak jakinarazi duenez, Espainiako hurrengo gobernuburu Mariano Raxoirekin elkarrizketatu zen asteartean, hauteskunde egunaren ondoren lehen aldiz. PPk eta EAJk lortutako emaitzengatik elkar zoriondu eta biek «Espainiako Estatuko egoera ekonomikoaren gaineko kezka» plazaratu ondoren, aurrera begira harremanak izateko prestasuna azaldu zion Urkulluk Raxoiri. EAJko buruak azaldu duenez, biek adierazi zuten «hitz egiteko prest» daudela. Orain, PPren esku geratu da EAJko ordezkariak bilerara deitzeko ardura.

ETBn egindako elkarrizketan eman zuen horren berri atzo Urkulluk, eta Patxi Lopez lehendakariari buruz ere mintzatu zen.Esan zuen «arduragabekeria» dela Alderdi Sozialista Eusko Jaurlaritzan jarraitzen tematzea eta, beraz, lehendakariari berriz pentsa dezala eskatuko diola. Arduraz joka dezala, pentsa dezala eskatu dio, eta 2013ko udaberrian egitekoak diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratu ditzala. «Espero dut ez direla tematuko legealdia osorik betetzen».

Urkulluren begietan, egonean dago Patxi Lopez lehendakaritzan; «egote hutsagatik». Ez da krisiari aurre egiteko inolako neurririk hartzen ari, eta oraindik ez du lege proiektuak egiteko egutegia aurkeztu ere egin.

Gainera, 2009ko egoera eta egungoa asko aldatu direla ohartarazi dio PSEri. Udal eta foru hauteskundeetan dagoeneko ikusi zela Alderdi Sozialistak ez duela gehiengoa, eta hori are argiago geratu dela Espainako Gorteetarako hauteskundeetan. Indar nagusiak EAJ eta Amaiur direla agerian geratu dela esan dio, eta, Eusko Legebiltzarra zein Jaurlaritza ezker abertzalearen parte hartzerik gabe osatu zela aurpegiratu dio. Ez duela errealitatea islatzen, egoera okerrera egiten ari dela, eta beraz, hauteskundeak aurreratzea dela modu arduratsuan jokatzeko era bakarra.

Raxoiren aldaketak

Antonio Basagoiti, PPko EAEko presidentea, Raxoik «ahal bezain laster» egingo dituen aldaketei buruz mintzatu da. Arazoei «adarretatik» helduko diela ziurtatu du eta, besteak beste, berehala martxan jarriko dituela «bestelako lan erreforma bat» eta beste zerga sistema bat.

Basagoitiren hitzetan, PSOEko gobernuak mesfidantza eragin du merkatuan, gezurretan ibili delako. Hortaz, Raxoik «egia esan eta fidagarri eta kontsekuente» izango dela agindu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.