Aukera guztiak daude mahai gainean. Hala adierazi du Eusko Legebiltzarreko lehendakariak. Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Iñigo Urkulluk zehaztu du ez duela baztertzen EAEko hauteskundeak Espainiakoekin batera egitea, alegia, ekainaren 26an, haiek aurreratuko balituzte. Baina nabarmendu du azken erabakia hartzeke duela.
Jaurlaritzarako bozak aurreratzeko aukerari buruz galdetuta, erabakia "egoera politikoak" baldintzatuko duela erantzun du EAEko lehendakariak. "Espainiako hauteskundeak aurreratzeak ekaina kanpaina hilabetea izatea ekarriko du, eta maiatza, kanpainaurrea. Legebiltzarraren eta bertoko alderdien giroa nolabait baldintzatuko luke", adierazi du Urkulluk.
Bozak aurreratzeak EAJren emaitzetan eraginik izango ote duen, berriz, ez duela askorik pentsatu esan du buruzagi jeltzaleak, eta nabarmendu "herritarrak eta giro politikoa" dituela buruan orain.