Urkulluk ez du baztertzen hauteskundeak irabaziz gero gutxiengoan gobernatzea

Egungo egoerak, baina, «bat egite zabalak» exijitzen dituela esan du, eta EAJ alderdi guztiekin akordioak egiteko prest dagoelaBuruzagi jeltzaleak uste du ezker abertzalea «urduri» dagoela haren hautagaitzarekin

Iñigo Urkullu, erdian, EAJren EBBk lehendakarigai aukeratu ostean eginiko lehen agerraldian, aurreko astean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak irabaztea. Hori izango da EAJren lehen urratsa Eusko Jaurlaritza «berreskuratzeko». Hori lortuz gero, gutxiengoan gobernatzea edo beste alderdiekin akordioak egitea, bi aukerak zabalik utzi nahi ditu alderdi jeltzaleak. Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak eta alderdiaren zuzendaritzaren lehendakarigaiak nabarmendu du ez duela baztertzen lehenengo aukera, gutxiengoan gobernatzea. Halere, gaineratu du egungo egoerak «bat egite zabalak» exijitzen dituela eta horrek «hainbat akordio» ekar ditzakeela. Akordioak bost gaitan, Urkulluk zehaztu duenez: alor ekonomikoan; autogobernuan sakontzeko; 2015era begira estatus politiko berri bat lortzeko: «Euskadiren internazionalizaziorako» eta nazio gisa egokitzeko Europan; eta bakea eta normalizazio politikoa sendotzeko. «Prest gaude gai horien inguruan alderdi politiko guztiekin eztabaidatzeko eta akordioak egiteko».

Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, EBBko presidenteak nabarmendu du EAJren asmoa hauteskundeak irabaztea dela eta, horrekin batera, gobernua osatzeko ardura bere gain hartzea. Gogorarazi du 2009an jeltzaleek irabazi zituztela hauteskundeak, baina orduan PSE-EEk eta PPk «ezker abertzalearen hutsa» baliatu zutela EAJ gobernutik «kanporatzeko». Orain halakorik ez gertatzea espero duela esan du buruzagi jeltzaleak.

2013ko udaberrian edo aurtengo udazkenean egingo diren bozei begira, berriz, Urkulluk nabarmendu du EBBk lehendakarigai izateko proposatu izana «ohore» bat dela berarentzat. Gogorarazi du, halere, afiliatuek izango dutela «azken hitza», datozen egunetan erabaki hori berresteko eta zerrendetako hautagaiak aukeratzeko batzarrak egingo dituztelako herrietako batzokietan. Prozesu hori uztailaren 5ean amaituko da.

Beste alderdietako hautagaieiburuz ere mintzatu da Urkullu. Adierazi du ezker subiranistak Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begira aurkeztuko duen lehendakarigaiak ez duela «kezkatzen». Aldiz, uste du ezker abertzalea «urduri» dagoela EAJren hautagaitzarekin.

Patxi Lopez hautagai sozialistari buruz ere mintzatu da, eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari gisa egindakoa izan du hizpide. Hala, Lopezi leporatu dio «arduragabekeriaz» jokatzea egoera ekonomikoaren aurrean: «Diru bilketan jaitsiera izan da, eta beherakada horren aurrean gobernuak ezer egin ez duelako heldu gara egoera honetara», esan du.

Horren harira, zerga sistemari buruz Eusko Legebiltzarrean herenegun izandako saio monografikoa ekarri du gogora Urkulluk, eta berretsi egin du EAJren asmoa zela «hitz egiteko prestasuna agertzea». Lopezen gobernuak, aldiz, ez zuela jarrera bera agertu kritikatu du buruzagi jeltzaleak.

Herenegungo saioan, egungo zerga sistema aldatzearen alde azaldu zen Eusko Jaurlaritza 2013ko kontuak orekatzeko, baina gobernu sozialistaren eskaerei bizkarra eman, eta EAJk eta PPk oraingo zerga ereduaren aldeko ebazpen sorta bat aurrera atera zuten.

Jeltzaleen jarrerak haserrea eragin du sozialisten artean. Hala, Patxi Lopez lehendakariak Urkulluri leporatu dio «gezurrak» esatea eta «Euskadiren irudia sistematikoki iraintzea». Bere blogean idatzitako artikulu batean, Lopezek esan du haren kritikak «eraikitzeko baino gehiago eraisteko» direla. Horrek erakusten du, buruzagi sozialistaren arabera, «EAJk, agintzen ez duenean, Euskadiren irudia sistematikoki iraintzeko duen joera».

Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak, berriz, Lopezen gobernuaren jarrera kritikatu du. «Iparra galtzea» eta «abertzaleen aldarrikapen historikoak» babestea leporatu dio, besteak beste, herenegungo saioan independentzia fiskalaren alde eta Gizarte Segurantzaren kutxa bakarraren kontra bozkatzeagatik.

Basagoitik bere blogean azaldu duenez, sozialisten jarrerak «geroz eta muturrekoagoak dira, eta ez dira Euskadik behar duen abertzaleen alternatiba». «PSE-EEk iparra galdu du: autonomistak izan dira beti, baina, orain, erradikalizatzen ari dira», salatu du. Aldiz, txalotu egin du EAJren jarrera, PPk herenegun egindako proposamenekin bat egin zuelako.

Arrosaren Eguna

Kritikak kritika, hurrengo legealdian ere «gobernatzeko prest» daudela jakinaraziko dute PSE-EEko kideek, igandean, Durangon egingo duten Arrosaren Egunean. Han izango dira, besteak beste, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia eta Patxi Lopez. PSE-EEko antolakuntza idazkari Alfonso Gilek azpimarratu duenez, EAJ eta PPren kritikei erantzun, eta egindako lana ekarriko dute gogora. «Alderdi honek aro politiko berria eta Euskadiko agenda politikoa markatu ditu», adierazi du. «Hauteskundeak aurreratzea, hori da haien proposamen bakarra», kritikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.