Urkulluk heldu den astelehenerako deitu du Labi batzordera

Ostatuen ordutegia zabaltzea mahai gainean egongo da

2021eko maiatzaren 26a
10:23
Entzun

Atzo, gobernu kontseiluaren osteko bileran, Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak iragarri zuen aste honetan bederen ez zela berritasunik egongo izurriari aurre egiteko neurrietan, baina aitortu zuen eboluzioa aztertuko zutela astearen bukaera aldera begira. Gaur jakin da Iñigo Urkullu lehendakariak astelehenerako deitu duela neurriak ebazten dituen Labi batzordearen bilerara. Kazetariek propio galdetu zioten gaiaz, eta Zupiriak erantzun zuen ez direla ostalariekin hitz egiten ari ostatuetako ordutegiaren harira, baina asteleheneko bileran hizpide izango dituzten gaietako bat izango da.

16:30ean izango da bilera, Lehendakaritzan. Maiatzaren 7an izan zen aurreko bilera, eta orduan erabaki zen, adibidez, taberna eta jatetxeen ordutegiak malgutzea: 20:00etan itxi behar zuten ordura arte, eta 22:00ak arteko muga dute orain. Ostalarien sektorean eskeak badira, hala ere, neurri hori oraindik ere gehiago malgutzeko.

Osasun agintariek beti argudiatu dute irizpide epidemiologikoen arabera hartzen direla neurriak, eta, alde horretatik, hobera ari da egoera azken aste hauetan. Horren adierazgarri, esaterako, azkena jasotako datuak; hilabete batean Osakidetzan %53 egin du behera erietxeetako pazienteen kopuruak. Intzidentzia ere beheraka ari da: apirilaren bukaeran, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 400dik gorakoa zen tasa, eta ordutik apalduta dabil: 251 da Bizkaian, 213 Gipuzkoan, eta 118 Araban.
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.