Iñigo Urkulluk Espainiako erkidegoen finantziazioa izan du hizpide, eta Kontzertu Ekonomikoa defendatu du finantziazioaren auziari konponbidea emateko "erreferentzia" gisa, El Pais egunkarian argitaratu duen Aldebakarreko arriskua eta elkartasuna iritzi artikuluan. Euskal erakundeen finantziazio sistemaren oinarriak egokiak izan daitezke, lehendakariaren esanetan, gainontzeko erkidegoentzako. "Kontzertuaren sistema zerga arduraren printzipioan oinarritzen da, eta baliagarria litzateke erreferentzia eredu gisa aztertzea, finantziazio sistema deszentralizatu eraginkorragoa, justuagoa eta solidarioagoa lortzeko", adierazi du.
Urkulluk nabarmendu du Kontzertua ez dela "pribilegiozko erregimena". Aldiz, EAEk "aldebakarreko arriskua" bere gain hartzen duela ziurtatu du, bere gastuetarako behar dituen baliabideak biltzeaz arduratzen baita. Lehendakariaren esanetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek biltzen dutenarekin ordaintzen dituzte dauzkaten eskumenak, eta ez diote "ezer ere" eskatzen estatuari. Horrez gain, EAEk estatuarekiko elkartasunez jokatzen duela adierazi du. Kontzertua "sistema adostu, eraginkor eta gardena" dela nabarmendu du Urkulluk, eta "babes legal osoa" eta "kontsentsu zabala" dituela ziurtatu du.
Lurralde ereduaz ere aritu da gaur Iñigo Urkullu, eta arlo horretan antolaketa konfederala proposatu du. Espainiako autonomien ereduaren porrota "agerikoa" dela adierazi du lehendakariak, eta iragarri du Espainiak konstituzio erreformari heldu beharko diola. Urkulluren esanetan, estatuko lurralde ereduak haren baitako nazioen aitortzan oinarritu behar du. Euskal gizarteak nazio gisa garatzeko eskubidea duela adierazi du, eta hori aitortzea "estatuaren beharra" dela gaineratu. Horrek izan behar du, Ukulluren hitzetan, "eskumen ahalmen handiko kontzertu politiko berri baten oinarria".