Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak jakinarazi du "larri zen" Eusko Jaurlaritzako sailburu baten deia jaso duela, "Euzko Alderdi Jeltzalearen laguntasun eske, defizit gordinak eragindako diru faltaren aurrean konponbide berriak bilatzeko". Ondorioz, Urkulluren arabera, EAEko gobernuaren "egoera ekonomikoa biziki larria" da, defizit handia du eta nahikoa diru sarrerarik ez. "Gobernuaren ekimena gelditzeko mehatxua dago". Hori esateko bere alderdiak datuak dituela azaldu du. Sailburuaren izenik ez du eman.
Jaurlaritzak berehala erantzun dio, Lehendakaritzatik. "Zalantzarik ez dago Jaurlaritzak kaudimena duela. Urkulluk Euskadiren irudia manipulatu egin du, eta alarma sortu". Gainera, sailbururik ez omen da jarri EAJko buruarekin harremanetan laguntza eskatzeko. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua ere mintzatu da, Sevillatik (Espainia): "Gezurra da Jaurlaritza kiebran dagoela esatea".
Urkullu laguntzeko prest agertu da. "Beti lagundu dugu zailtasunek gogor jo dutenean eta gure autogobernua arriskuan egon denean. Prest gaude gure ardura politikoa erakusteko; eta, beharbada, konpromisoak hartzeko, sakrifizioa partekatua izan dadin".
Baina Patxi Lopez lehendakariari "gardentasuna" izateko eskatu dio. "Metatuta dagoen defizita agerian uzteko, kontuen eta zorpetzearen egiazko egoera eta aurreikusi den amortizazio eszenatokia aurkezteko, eta ahalik eta lasterren 2011ko aurrekontuaren exekuzio datuak emateko eskatzen diogu".
"Euskadik Jaurlaritza indartsu eta fidagarria" behar duela berretsi du.
Bilbon egin ditu adierazpenok Urkulluk, prentsaurreko batean.