Urkulluk uste du Europak "etorkizunean" autodeterminazio eskubidea arautuko duela

Kanadako Argitasun Legea jarri du eredu gisa. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Quebecen dago bidaia ofizialean.

Iñigo Urkullu Quebeceko lehen ministro Philippe Couillardekin. IREKIA
jokin sagarzazu
2017ko azaroaren 2a
12:14
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak “elkarrizketan, akordioan, negoziazioan eta berrespenean oinarritzen den euskal bidea” babestu du, eta “Quebec-Kanada eredua” jarri du erreferentzia moduan.

2000. urtetik autodeterminazio eskubidea arautzen duen legea dute Kanadako Estatu Federalean. Aurretik, 1980. eta 1995. urteetan, independentzia erreferendumak egin zituzten Quebecen; bietan irabazi zuen ezezkoak.

Era berean, lehendakariak azaldu du bere nahia dela “Euskadi errealitate nazional gisa aitortua izatea” Europan, eta “konbentzituta” azaldu da “lehenago edo geroago” Europako Batasunak egin beharko duela Kanadakoaren moduko “argitasunari buruzko zuzentarau bat”.

“Horretarako, Euskadik eta Quebecek babesten duten eredua har dezakete erreferentziatzat. Eredu hori lau printzipiotan oinarritzen da: elkarrizketa, demokrazia, legezkotasuna eta aldebikotasuna”, nabarmendu du Urkulluk.

Quebecera eginiko bidaia ofizialeko hirugarren egunean, Urkulluk hitzaldia eman du Laval unibertsitatean, Amerikako lehen unibertsitate frankofonoan. Han adierazi du Espainiako Estatuak behar duela “bere barneko nazionalitateetarako egokitzapen hobe bat”.

Euskal Herriaren egungo egoerari buruz, EAEko lehendakariak “ilusioa” azaldu du “terrorismoaren eragozpena jasan ondoren zabaldu den aro berriaren aurrean”, eta Jaurlaritzak “bizikidetza finkatzeko duen konpromiso irmoa” berretsi du.

Atzo, Philippe Couillard lehen ministroarekin bildu zen Urkullu, eta bi herrialdeen arteko lankidetzarako memorandum bat sinatuko zuten, “harreman politikoak, ekonomikoak eta kulturalak estutzeko”.

Bidaia ekonomikoa

Egun, PLQ alderdi liberalak agintzen du Quebecen, eta ez dago haren lehentasunen artean erreferenduma egitea. Lehen ministroarekin, parlamentuko kideekin eta Ekonomia, Berrikuntza eta Zientzia ministroarekin eta Kanpo Harremanetarako buruarekin bildu da egunotan Urkullu eta harekin joana den taldea: Arantxa Tapia Ekonomia sailburua eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkaria.

Jaurlaritzak bereziki harreman ekonomikoak garatu nahi ditu herrialde horrekin. CETA Kanada eta Europako Batasunaren arteko nazioarteko merkataritza ituna behin-behinean abian jarri ostean, “zubiak” eraiki nahi ditu Quebecentzat euskal lurraldeak izateko Europako atea, eta Quebecek errazteko euskal produktuak Kanada eta AEBetako merkatuetan sartzea.

Horrekin batera, Euskadi-Basque Country 2020 nazioartekotzeko planean sartuko da, Jaurlaritzarentzat “estrategikoak” diren herrialdeen sarean, Akitania, Bavaria, Flandria, Queretaro, Jiangtsu eta Cundinamarcakarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.