"Gaur, Euskadiren historian lehen aldiz, euskal gizarteak bere Eusko Legebiltzarreko ordezkariak, egoera guztiz demokratikoan aukeratu ditu.
ETAren mehatxurik gabe eta Herri honetako sentsibilitate politiko guztiek parte hartuz.
Hiritargoak askatasun osoz eman du bere iritzia, demokrazia orotan egiten den bezala.
Orain, alderdi politikooi eta hiritargoaren ordezkarioi dagokigu emaitza hauek Euskadirentzako etorkizun egitasmo bilakatzea.
Aldi berria hasiko da orain.
- Lehenengo eta behin, argi geratu da Herri hau edozein alderdi eta edozein ideologia baino handiagoa dela. Euskadi anitza da.
- Bigarren puntua. Herri honek aurkezten dizkigun erronkek akordio zabal, anitz eta egonkorrak eskatzen dizkigute.
Gaur, atzo bezala, eta bihar bezala, krisi ekonomikoa eta langabezi egoeran gaude murgilduta.
Gaur, atzo bezala, eta bihar bezala, Bakea eta Elkarbizitza eraiki behar ditugu.
Gaur, atzo bezala, eta bihar bezala, Euskadirentzat egitasmo politiko partekatua diseinatzeko erronka dugu.
Beharrezkoa dugu Euskadin akordioetarako eszenatokia eraikitzea.
Herri hau ez da elkarren kontra eginez eraikiko, ez da banaketatik edo bazterketatik eraikiko. Herri hau denon artean eta denontzat eraikiko dugu.
Euskadiren etorkizunak alderdi politikoekin eta erkundeekin batera euskal gizarte osoaren beharra du, eragile sozial eta ekonomiko guztien beharra du. Inplikazio kolektibo baten beharra du.
Euskadi ezin izango da testu-inguru politiko eta sozialetik baztertu. Krisialdi ekonomikoa bizi dugu baina krisi politiko batean ere murgilduta gaude, Espainiar estatuan eta Europa osoan. Krisialdi politikoari ez begiratzeak ere eragin dezake ezegonkortasuna eta konfiantza falta.
Ezinbesteko ditugu egonkortasuna eta erakunde arteko begirunea, aniztasuna bermatuz eta birzentralizatzeko prozesuak eta alde bakarreko erreformak saihestuz. Elkarrizketari luzatu diogu eskua, gaur argi eta garbi hitz egin duen Herri honi zor diogun begirunean oinarri harturik.
Europari ere begiratzen diogu. Euskadik Europaren arazoak konpontzeko lanetan jardun nahi du. Jakin badakigu nor garen.
Europa gara gu. Eta gure etorkizuna Europa da.
Biharkoa lan eguna dugu.
Bihar denok lanera Euskadi aurrera ateratzeko.
Euskadik etorkizuna du. Euskadi aurrera irtengo da.
Euskadirekin, aurrera egingo dugu Euskadin bizi eta lan egiten dugun guztiok.
Minutu bat, EAJ-PNVren alderdikide eta alderdizaleei hitz egiteko.
Azken urteotan EAJ - PNVren alde lan egin duzuen guztioi esan behar dizuet, gaurko emaitza lan handiaren fruitua dela.
Hilabeteetan eginiko lana, konpromisoarekin bat egin duten pertsonen esfortzua.
Horiei guztiei, nire eta EAJ- PNV osoaren esker onik beroena.
Eskerrik asko benetan".