Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ

Urkulluren ustez, EAE krisialditik irten daiteke egun dituen eskumenekin

Merkatariekin izan da jeltzalea, eta esan du Raxoik bultzatutako «erabateko liberalizazio neurrien» aurka dagoela

Iñigo Urkullu, atzo, Gipuzkoako Merkataritza Ganberan egindako ekitaldian. Han izan ziren Bakartxo Tejeria eta Joseba Egibar ere. ANDONI CANELLADA / ARP.
Hodei Iruretagoiena
Donostia
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
«Gipuzkoak erreakzionatu egin behar du». Halaxe adierazi du Urkulluk, eta ziurtatu du «kudeaketa egitasmo sendo bat» duela ekonomia biziberritzeko. Izan ere, ekiteko ordua dela dio; lehenik, ekonomiaren gainbehera geratzeko, eta, ondoren, «hazten jarraitzeko» oinarriak ezartzeko: «Enplegua sortzen duen Euskadira itzuli behar dugu». Gainera, hori EAEk gaur egun dituen gaitasunekin egin behar dela dio: «Badugu gure ekonomia ehuna, baditugu gure eskumenak eta gure gaitasunak. Martxan jartzea da kontua».

Gipuzkoako Merkataritza Ganberan izan zen atzo Urkullu, Donostian, langile autonomoentzako, merkatarientzako eta ekintzaileentzako proposamenak aurkezten. Besteak beste, adierazi zuen Espainiako presidente Mariano Raxoik bultzatutako merkataritzarako liberalizazio neurrien aurka dagoela: «PP aplikatzen ari da neurri horiek Madrilen, eta estatu osora zabaldu nahi ditu. Guk Euskaditik arautuko dugu liberalizazio saio hori saihesteko». Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Gipuzkoako zerrendaburu Joseba Egibar, Eusko Legebiltzarrerako presidentetzarako hautagai Bakartxo Tejeria eta Donostiako EAJren bozeramaile Eneko Goia.

Egibarrek egin zion sarrera ekitaldiari, eta nabarmendu zuen krisitik ateratzea dela EAJren lehentasuna. «Bide bakarra dago horretarako: ekonomia biziberritzea. Eusko Jaurlaritzak bere ardura izango du horretan», gaineratu zuen. Zerga sistema aldatzeaz eztabaidatzea beharrezkoa izan arren, ildo beretik jo behar da gai horretan ere, Egibarren iritziz: «Jarduera ekonomikoaren zerbitzura jarri behar da zerga sistema, eta ez alderantziz», esan zuen. Bizkaiko zerrendaburu Andoni Ortuzarrek ere bide beretik hitz egin zuen ETBn egindako elkarrizketan, eta adierazi zuen ez dagoela zerga sistemaren erreforma «magikorik»: «Zergak igotzeak ez du esan nahi diru sarrerak igoko direnik».

«EAJren konpromisoak»

Urkulluk onartu zuen zaila dela egoera, haren arabera 8.000 lanpostu eta 500 enpresa galdu direlako Gipuzkoan 2012. urtean. «Merkataritza oso gaizki ari da pasatzen», gaineratu zuen, eta azaldu zuen «azken kolpea» jasan duela BEZaren eta KPI indizearen igoerekin. Dena den, ziur agertu zen elkarlanean aurrera egin litekeela. Horretarako, akordio zabalak behar direla uste du, eta, haren esanetan, EAJ da «gobernu sendo bat» berma dezakeen bakarra: «Akordioekin, gure esperientziarekin, eta elkarlanean, aurrera egingo dugu. Hori da EAJren konpromisoa».

Enplegua sortze aldera, autonomoei, merkatari txikiei, ekintzaileei eta ekonomia sozialari laguntzeko neurriak aurkeztu zituen Urkulluk. «Haiekin eta haiei esker aterako gara krisialdi honetatik», esan zuen. Hiru egitasmo nagusi aipatu zituen horretarako.

Lehena, enpresa berriei eta ekintzaileei laguntzekoa: enpresak sortzeko administrazio tramiteak murriztuz, foru aldundiekin elkarlanean enpresen arteko sareak sustatuz eta finantzazioan lagunduz. Bigarrena, langile autonomoen jarduera «dinamizatzea»; zuzeneko finantzazioa lortzeko bide berriak irekiz,eta enpresa bat martxan jartzen dute 35 urtetik beherako autonomoei kuota ordaintzeko laguntzak emanez. Eta hirugarrena, merkatari txikiei laguntzeari buruzkoa: hobekuntza eta biziberritze plan bat sustatuz eta teknologia berrikuntza bultzatuz. «Horiek dira gure konpromisoak. Idatzita daude», ziurtatu zuen Urkulluk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.