Urkulluren ustez, Lopezek jabetu beharra du ezin dela etengabe kanpainan egon

Bozak ez aurreratzeak gobernuaren jarduera baldintzatu eta egoera ekonomikoari kalte egiten diola uste du

joxerra senar
2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
«Hauteskundeak noiz izango diren jakin gabe hilabeteak eta hilabeteak igarotzea ez dugu merezi euskal herritarrok». Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente eta lehendakarigaiak, Punto Radio irratian, kaltegarritzat jo du bozen behin betiko eguna ez ematea Patxi Lopezek. Urkulluren ustez, ziurgabetasun egoera horrek Eusko Jaurlaritzaren jarduera eta finantza egoera baldintzatzen ditu, nahiz eta gero egungo agintariek adierazi likidezia eta zorra ordaintzeko ahalmena badutela. Urkulluren ustez, hilabete asko dira EAEko politikagintza kanpaina-aurre batean dagoela, eta gogora ekarri du nola Patxi Lopez EAEko lehendakariak berak apirilean aurkeztu zuen bere hautagaitza. Urkulluren ustez, Lopezek inauguratu zuen ofizialki kanpainaurrea, eta jabetu beharra dauka ezin dela egon «hilabeteak eta hilabeteak» kanpaina batean.

Hauteskundeak udaberrian izan edo azkenean udazkenean izan, ondorengo negoziazioek argituko dute ziurrenik Jaurlaritzaren osaera. Horren inguruan, Urkulluk ez du argitu nahi izan EAJk nondik joko duen. Negoziazioak hauteskundeen ondoren definituko direla azaldu du, eta gaineratu du orain ahalegintzen ari direla krisiari aurre egiteko akordio zabalak lortzeko indarrak biltzen.

Punto Radio irratiari eskainitako elkarrizketa horretan, azken hilabeteetan Jaurlaritzaren finantza egoeraren gaineko EAJren kezka berretsi du Urkulluk. Hurrengo Jaurlaritzak aurkituko duen finantza egoerak kezkatzen du Urkullu. Ordainketei aurre egiteko «ziurrenik likidezia badago», baina, haren ustez, arazo nagusia «zorra da». Agintari jeltzalearen ustez, Jaurlaritza gehiegi zorpetzen ari da, eta haren mezuak ez datoz bat errealitatearekin. «Ez dit balio esatea 600 milioidituztela kutxan, enpresei eta zerbitzuei eragiten dieten ordainketetan atzerapenak izan baitiraeta zorra erosi baita».

Espainiako Gobernuak berriki ezarri dituen dekretuetako batzuk ez betetzeko jarrera hartu du Eusko Jaurlaritzak, eta horri buruz galdetuta, Urkulluk azpimarratu du Eusko Legebiltzarrean EAJren eta PSE-EEren ekimenez autogobernua defenditzeko legez ez besteko proposamena onartu zela. Hartara, bere ustez, Patxi Lopezen exekutiboa ez da ezer berezirik egiten ari, «legebiltzarraren agindua bete baizik». Urkulluren ustez, legealdi osoan PSE-EEk ez du autogobernua defenditzeko kezkarik izan: «EAJ izan da PSOErekin negoziazioetan Autonomia Estatutua ia osatzea lortu duena».

Estatu ereduaren porrota

Espainiako Estatuari dagokionez, Urkulluren ustez, birzentralizazio prozesuan sartua dago PP. Haren irudiko, «guztientzat kafea» ideian oinarritutako estatu ereduaren ondorioak orain azaleratzen ari dira. Haren ustez, akats politikoa izan zen Euskal Autonomia Erkidegoaren pareko eskumenak ematea beste erkidego askori, halakorik ez zelako aurreikusten Konstituzioan. Urkulluren arabera, PPko eta PSOEko buruzagiak jabetu dira eredu hori ez dela jasangarria, baina akats hori estali nahian, PP birzentralizazioaren «tentazioan» erortzen ari da. «EAJ kezkatuta dago Euskadiko PPk ere birzentralizazioaren aldeko jarrera izan dezakeelako».

Egoera ekonomikoaz ere hitz egin du Urkullu. Haren ustez, egoera «grisa da, ia beltza»; krisiak okerrera egin dezake, eta udan zerbitzu sektorean enpleguak gora egin arren, datu horrek ezin du ezkutatu atzean den sakoneko egoera. Gogora ekarri du euroaren eremua atzeraldian sartzeak enpresei bere osotasunean eragingo diela. Nazioartean ekonomia bultzatzeko neurrien beharra dagoela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.