Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaitar Argiak saria eman die “biktima guztiei”, gaur aldundian egin den ekitaldian. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak egin du ekitaldiaren hitzaldia eta saria ere hark eman du. Aldundiak ekitaldi honekin “etorkizunean errespetua, bizikidetza eta adiskidetzea finkatuta egon daitezen” pauso bat eman nahi izan du. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eman dio saria Bilbaok, biktima guztien izenean. Oraindik sortzeko dagoen Oroimenaren Institutuan jar dezan eman dio saria lehendakariari.
Aurreko egunetan, gaurko ekitaldiarekin zituzten desadostasunak ezagutzera eman dituzte zenbait biktima elkartek eta alderdik. Ekitaldiak iraun duen bitartean, Lau Haizetara Gogoan elkarteak kontzentrazioa egin du aldundiaren aurrean “frankismoko biktimentzat egia, ordaina eta justizia” eskatuz.
EH Bilduk ere, Laura Mintegiren bidez, desadostasuna adierazi du sari banaketaren aurretik: “Gaurko ekitaldian ez dago egia osoa, eta horregatik, egongo gara ekitaldian, baina baita hortik kanpo ere”. PPk ez du parte hartu, eta ”terrorismoaren biktimei” aitorpen bereizia ez egin izana kritikatu du.
Ekitaldia amaitu aurretik EH Bilduko ordezkari batzuk saiotik alde egin dute, “biktima guztien domina” Urkulluri eman diotelako. Maribi Ugartebururentzat hori ez da “ez serioa, ez errespetuzkoa biktimekiko”. Eta Bizkaitar Argiak saria “proiektu politko baten propagandarako” erabili izana salatu du.
Nafarroan, alde batekoa
"Terrorismoaren biktimak" omendu zituen atzo Nafarroako Gobernuak. Yolanda Barcina presidenteak eta Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak parte hartu zuten atzoko ekitaldian. Hamahiru biktimari eman zieten Ezagutza Zibilaren Errege Ordenaren oroigarria. Barcinak esan zuen biktimak direla "gizartearen erreferentzia onena", "jarraitu beharreko adibidea, eta akuilua, sistema demokratikoa hobetzeko orduan".
Fernandez Diazek ohartarazi du lanean jarraituko dutela "hainbeste kalte eragin dutenentzat inpunitaterik ez dadin egon". Espainia "terrorismoaren biktimekin" beti zorretan egongo dela gaineratu zuen.