Euskara

"Urrats bat aurrera egiteko ardura dugu euskaldunok"

Euskaraz Bizi Eguneko manifestazioan dozenaka eta dozenaka lagun bildu dira, Gasteizen. Egun osoan dituzte ekitaldiak.

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko apirilaren 5a
09:47
Entzun

Euskaldun izateaz harro agertzeko egun modura, euskaraz bizi nahia lau haizeetara agertzeko egun modura ekin zion Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Euskaraz bizitzeko oztopoak egunero izaten dira, baina. “Erdaldunekin topo egitean, espaloitik jaitsi, eta erdaren errepidera egiten dugu salto”, ohartarazi dute. Ez gara espaloitik jaitsiko! leloa du  egunak.

Eguneko ekitaldi nagusi gisara, manifestazioa egin dute arratsaldean Gasteizko kaleetan. Euskaraz bizitzeko eragozpenak salatu dituzte —hizkuntz irizpideen aurkako salaketak, D ereduaren aurkako ikerketak, hezkuntza erreformak...—, eta ohartarazi dute “euskararen aurkako eraso zuzenak” direla guztiak.

Egoera horretan, euskaldunei dei egin diete, aurre egitera. “Euskaldunok urrats bat egiteko ardura dugu”. Gakoa direla ohartarazi diete herritarrei: “Lehen aldaketa norbanakootan hasten da. Gugan dugu lehen giltza: maila sozialean aldaketak bultzatu eta nmaila politiko eta juridikoan bestelako aldaketak eragiteko, herritarrok gara eragile nagusia, euskaldunok pairatutako bazterketa iraultzeko giltzarria”.


Espaloian
Espaloiaren irudia Ferran Suayk idatzitako Bahamarren edukazio ona testutik hartu dute. Aparheid garaian Bahamar uharteetan gertatzen zenaz mintzo da testua. Nola herritar beltzak espaloitik jaisten ziren zuriekin gurutzatzean —beltzekin gurutzatzean, ez—. “Esan dezakegu hemen ere berdin jokatzen dugula euskaldun gehientsuenok”.

Euskararen alde egon bakarrik ez, hori erakutsi ere egin behar dela ohartarazi du EHEk. “Norberegandik hasita eman nahi baditugu aldaketak, nahitaez egin behar dugu euskaldunok espaloitik jaitsi ez eta euskaraz bizitzeko hautua”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.