german rodriguezi omenaldia

Urrats gehiago egiteko gertu

1978ko uztailean gaurko egunez Espainiako Poliziak tiroz hildako German Rodriguezen aldeko omenaldia egin dute Iruñean, eta hurrengo hilabeteetan haren oroimenaren alde ekitaldi gehiago egingo dituztela aurreratu dute. Bideoa: German Rodriguezen omenaldia (Argazki Press). [youtube]https://youtu.be/SpQ-Qjf9wjE[/youtube]

joxerra senar
2017ko uztailaren 8a
13:22
Entzun

1978ko uztailaren 8an, orduko Espainiako Polizia Armatuak (grisak) Iruñea hartu zuen: ehunka zauritu eragin zituzten, horietako batzuk balaz, eta, Orreaga etorbidean, ORTko militante German Rodriguez tirokatu eta hil zuten. 39 urte pasatu dira geroztik, eta Espainiako Justiziak ez du inor epaitu edo ikertu. Berriki, Rodolfo Martin Villa garai hartako Gobernazio ministroari domina bat eman diote.

Iruindarrek, ordea, ez dute egun hura ahazten. Hil zen tokian Rodriguezen hilarria dago, eta, urtero legez, 13:00etan omenaldia egin diote. Ehunka lagun elkartu dira, eta aspaldiko elkarretaratze jendetsuenetakoa izan da. Bertan izan dira, besteak beste, Joseba Asiron alkatea eta Iruñeko Udal Gobernuko hainbat hautetsi (hala nola Joxe Abaurrea, Maider Beloki eta Patri Perales).

Ekitaldian gogora ekarri dutenez, 1978ko gertakariak trantsizioan estatuak eragindako indarkeriaren testuinguruan gertatu ziren, eta helburu argia zuten: "Estatu eredu zehatza ezartzea eta erregimen frankistarekin sekula hautsi ez duen eskuinaren proiektu politikoa finkatzea". 78ko Sanferminak Gogoan herri ekimenaren arabera, gaur egun "egoera ez da aldatu", eta iruditzen zaio horren adierazle direla mozal legea eta Zigor Kodearen azken aldaketa. Altsasuko auziko gazteak eta Iruñeko istituletan atxilotutako gazte errenteriarrak ekarri dituzte gogora.

Alde horretatik, egia, memoria eta justizia aldarrikatu dute. Urte guztiotan justiziak ez du inor epaitu. Espainiako Gobernuak helegitea jarri zuen Nafarroako Parlamentuak polizia indarkeriaren biktimen alde eginiko foru legearen aurka, eta, Konstituzionalak erabaki zain, ez da indarrean sartu. Hala ere, ez dute besoak gurutzaturik geratu nahi. German Rodriguezi eta Joseba Barandiarani (1978ko uztailaren 9an Donostian hildako gazteak) justizia, egia eta ordaina zor zaielako "urrats gehiago" hartzeko prest dira.

"Adi ekimenei", ohartarazi du ekitaldiaren aurkezleak, datozen hilabeteetan aurkeztuko dituzten ekitaldiei buruz. Datorren urtean, hilketaren 40. urteurrena izango da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.