ETA-ren agiria

Urratsak egiteko prest dagoela erantzun die ETAk Bruselako Adierazpenaren sinatzaileei

"Konponbideak behar dituen urratsak elkarrekin aztertzeko" prest dagoela esan die ETAk Bruselako Adierazpena sinatu zuten nazioarteko izen handiko 21 lagunei.

2010eko irailaren 18a
20:09
Entzun
ETAk era positiboan erantzun die Bruselako Adierazpena sinatu zuten nazioarteko izen handiko pertsonei. ETA prest azaldu da "konponbide demokratikoak behar dituen urratsak" Bruselako Adierazpenaren sinatzaileekin aztertzeko, "ETAk hartu beharreko konpromisoak barne", BERRIA egunkariak bihar argitaratuko duen agiriak jasotzen duenez. Erakunde armatuak agiria, osorik, Bruselako Adierazpenari erantzuna emateko eta nazioarteko komunitateari bere gogoeta zabaltzeko erabili du.

Joan den martxoaren 29an, nazioarteko izen handiko 21 lagunek euskal auziari buruzko adierazpen bat ezagutarazi zuten. Sinatzaileen artean daude hiru gobernuburu ohi eta hiru Bake Nobel saridun, guztiak ere izen handiko 21 lagun. Haien artean daude Desmond Tutu, Frederik Willem de Klerk, Mary Robinson, John Hume, Albert Reynolds, Jonathan Powell, Betty Williams eta Nelson Mandela Fundazioa. Bruselako idatzi horretan, "datozen hilabeteetan, behin betiko, bide bakezale, demokratiko eta indarkeririk gabekoen alde egiteko konpromisoa" bete daitekeelako ustea agertu zuten. Halaber, konpromiso horrekin bat egiteko eskatu zioten ETAri, "su-eten iraunkor eta benetan egiaztatzeko moduko bat emanda". Bruselako Adierazpenaren sinatzaileen ustez, "su-eten horrek, [Espainiako] Gobernuak behar bezala erantzunez gero, bide emango luke beste ahalegin politiko eta demokratiko batzuk egiteko, desberdintasunak konpontzeko eta bake iraunkorrak lortzeko".

Bruselako Adierazpena sinatu zuten gizon-emakumeei begirunea eta esker ona adierazi die ETAk, eta, era berean, "gatazkaren konponbidearekiko erakutsitako konpromisoa" aintzat hartu du bihar plazaratuko den agirian. Bruselako Adierazpenaren bidez egindako eskaerari erantzunez, honela mintzatu da: "ETAk bere prestutasuna adierazten du konponbide demokratikoak behar dituen urratsak elkarrekin aztertzeko, ETAk hartu beharreko konpromisoak barne".

Hona hemen ETAk Bruselako Adierazpenari emandako erantzuna jasotzen duen pasartea:

Euskadi Ta Askatasunaren jarrera eta konpromisoa

"2010eko irailaren 5ean ETAk eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakiaren berri eman du. Frantzia eta Espainiaren itxikeriaren aurrean, ETAk berriro itsasoratu du gatazka demokratikoki konpontzeko aukeraren ontzia. Eta aingurarik bota gabe hartu du lehenengo erabakia, ur zabalagoetan murgiltzeko prestutasunarekin.

Borondate demokratikoa izanez gero, gaur eta hemen, gatazka konpontzea posiblea da.

Bruselako Adierazpenean eskaera zehatza egiten zitzaion gure erakundeari eta, gure ardurari izkin egin gabe, erantzun zuzena helarazi nahi dugu:

1.- Euskal Herriak Espainia eta Frantziarekin duen gatazkak arrazoi politiko sakonetan du oinarri. Hortaz, gatazka gainditzeko, urrats partzialetatik harago, gatazkaren erroak barnebildu eta korapiloak askatuko dituen proposamen osatua behar da.

2.- Gatazka behin betiko gaindituko bada, konponbide sendoa behar du ezinbestean, alde anitzeko konpromisoetan eraiki eta elkarrizketa eta negoziazioaren bidez garatu behar dena.

3.- Gatazkaren konponbidearekiko erakutsi duzuen konpromisoa aintzat hartuz, ETAk bere prestutasuna adierazten du konponbide demokratikoak behar dituen urratsak elkarrekin aztertzeko, ETAk hartu beharreko konpromisoak barne".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.