Gaur egungo Nafarroaren banderaren sortzaileak Urrezko Dominarekin saritzea erabaki du Nafarroako Gobernuak; "Nafarroako historia eta kulturaren esparruetan, eta baita erresuma zaharraren eskubide historikoen alorrean ere" egin duten ekarpenarengatik, Uxue Barkos Nafarroako presidentearen esanetan.
Aldiz, erabakia ez da denen gustukoa izan. UPNk, PSNk, Ezkerrak eta PPk desegokitzat jo dute. UPNrentzat, "hutsegite historikoa da" hiru historialari euskaltzaleak saritzea; ziurtatu duenez, Nafarroako bandera duela bost mende sortu zelako. UPNk Nafarroako historia "gutxiestea" eta "manipulatzea" leporatu dio euskal abertzaletasunari. Ezkerrak, berriz, gaitzetsi egin du Arturo Campion saritzea, "1936ko kolpe faxista babestu zuelako" eta ideia "arrazista eta xenofoboak" defendatu zituelako.
Ezkerraren kritika jaso du gaur Nafarroako Parlamentuak onartu duen adierazpenak. Testuak dioenez, Campionek Nafarroako identitateari eta kulturari egin dio ekarpena "oinarri ideologiko horretatik, ez da egokiena", eta salatu egin du "Nafarroako Gobernuak pentsamolde hori goratzea pertsona haren bidez". Egungo Nafarroarentzat "jarrera ez-eredugarriak" agertu zituzten pertsonak goratzearen kontra agertu dira adierazpena babestu duten taldeak.
Nafarroako Gobernuak banderaren sortzaileak saritu nahi izan ditu, "guztiok identifikatzeko moduko ikurra" sortu zutelako. Nafarroako bandera eztabaida politikoaren erdigunean izan da aurten, gobernuak ikurrinaren debekua ezabatzeko erabakia hartu ostean.