Biktimen ordainari, bizikidetzari eta memoriari buruzko akordio politiko eta soziala lortzeko lanean ari da Foro Sozial Iraunkorra, eta, hainbat eragilerekin "hilabeteetako lan diskretuan" aritu ondoren, Foro Sozial Iraunkorrak gaur plazaratu ditu alor horietan egin beharreko lanak.
Aitzpea Leizaola eta Agus Hernan bozeramaileen hitzetan, "premiazkoa" da gaiaren trataera "lubakietako posizioetatik irten dadin, modu horretan beharrezko gizarte-adiskidetzearen erdiko erraila elikatu ahal izango baita". Hala ere, jakitun dira gaia lantzea "korapilatsua" dela: "Ezin gara erratu. Diskrezioa, errespetua eta entzumena –asko eta ondo entzunez– izan behar dira ezaugarri nagusiak gaia guk lantzeko orduan".
Lau arlo landuko dituzte udara bitartean: Sufrimenduaren Mapa Integralean sakontzea, "oinaze guztiak aitortzeko eta erreparatzeko markoak sortzea", konpondu gabeko auzien inguruko eztabaida "sosegatuari" ekitea eta "irakurketa kritikoa" egitea. Leizaolak eta Hernanek adierazi dutenez, erakundeak "funtsezko osagarriak" dira prozesu horretan.
Halaber, lan hori topaketa ugaritan jorratuko dute, hainbat formatutan, hurrengo hilabeteetan Iruñean, Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Basaurin (Bizkaia). Hurrengo jardunaldiak otsailaren 22 eta 24an egingo dituzte Iruñean eta Gasteizen; lehenengoa, Nafarroako Parlamentuan, eta bigarrena Europa Jauregian.