Eleak mugimenduak urriaren 1ean Iruñean eskubide zibil eta politikoen alde manifestatzera deitu du. 17:30ean abiatuko da manifestazioa Golem zinemetatik, eta ahalik babes gehien lortzeko jada hasi dute bilera erronda hainbat arlotako eragileekin, sindikatuak eta alderdiak barne, manifestazio askotarikoa izan dadin.
Urrian Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten 11 gazteei babesa eman eta euren kontrako epaiketa salatzeko deitu dute manifestazioa, baina bidez batez Josu Esparzari eta Askapena auzian auzipetutakoei babesa emateko ere izango da. Esparza atzo atxilotu zuten Donibane Lohitzunen (Lapurdi) eta Askapenakoak auzibidean jarri dituzte.
Iruñerriko 11 gazteei Segiko kideak izatea auzipetuko dituzte urriaren 4tik 10ra. Eleak-ek gaur salatu duenez, ordea, hori argudiatzeko duten froga bakarra autoinkulpazioak dira, eta horiek, beste atxilotu batzuen gazteen aurkako salaketak bezala, torturapean egindakoak direla salatu dute.
"Gazteen mugimendua geldiarazi nahi dute, baina hori ezin du Auzitegi Nazionalak erabaki. Ematen duten kolpe bakoitzarekin arrazoi gehiago ditugu antolatzen jarraitzeko", esan dute Mikel Flamarique eta Mikel Marine auzipetuek. Gainera, dei egin dute bide horretan lanean jarraitu eta antolatzeko.
Espe Iriarte eta Asier Biurrenek gaineratu dute gizarteak bakerako eta normalizaziorako konpromisoa erakusten ari den bitartean Espainiako Gobernuak errepresioarekin jarraitzen duela. Eta dei egin diote gizarteari prozesua blindatzera, horretarako gaitasuna baduela azalduz.