Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria zela izendatu zuten urriaren 25a jaiegun, "Euskadiren Eguna" izenpean. 2010eko apirilean bozkatu zuten proposamena Eusko Legebiltzarrean, eta PSE-EEk, PPk eta UPDk babestuta egin zuen aurrera ekimenak.
Gernikako Estatutua ospatzeko izendatu zuten jaiegun urriaren 25a. Izan ere, 1979ko urriaren 25ean onartu zuten EAEn Gernikako Estatutua herritarrek, erreferendum bidez. 1979ko erreferendumean erroldaren %58,8k hartu zuen parte, eta boza eman zutenen artetik %90,3k estatutuaren alde egin zuten. Alde ez zeudenen artean AP eta HB ziren.
Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiari lotutako eguna ere bada urriaren 25a. Ibarretxe aurreneko aldiz Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko hautatua atera zeneko bozak urriaren 25ean izan ziren. Hain justu 1998ko urriaren 25ean. 2003an, egun hori aukeratu zuen Eusko Legebiltzarrak Ibarretxeren plana izenaz ezagun egin zen Eusko Jaurlaritzaren Estatutu Berrirako Proposamena bozkatu zezan. Sozialista Abertzaleen ustekabeko hiru aldeko botorekin onartu zen proposamen hura. Espainiako Kongresuak bota zuen atzera, gero. Doktore tesia, berriz, 2010eko urriaren 25ean irakurri zuen.
Sinbolismo handiko eguna da urriaren 25a, eta 1839koak du protagonismoa. Egun hartan, Baldomero Espartero Dukeak Foruen Berrestea izeneko legea ezarri zuen. Testuak zioen Nafarroako Foruak eta herrialde baskongatuen Foruak "berresten" zirela, horrek "konstituzioak ezartzen duen batasunean eraginik izan gabe". Foruak bertan behera geratu ziren.