Politika

Urriaren 25ean Euskal Herriko prozesuaz eztabaidatuko dute Europako Parlamentuan

Martin Schulz sozialisten taldeko buruaren ekimenez onartu du legebiltzar horrek prozesuari buruzko debatea egitea eta urriaren 25eko data jartzea. Eztabaidatzeaz gain, litekeena da Europako Parlamentuak prozesuari babesa adieraziz ebazpena onartzea.

2006ko irailaren 28a
15:38
Entzun
Hain justu, Schulzen galdera batekin hasiko da prozesuari buruzko saioa urriaren 25ean: Europako Batzordeari eta EBko Kontseiluari zein babes ekimen jar ditzaketen abian itaunduko die. Ondoren, Europako Legebiltzarreko talde politikoek gaiari buruz duten iritzia eman eta eztabaidatuko dute.

Horrelako saioetan ohikoa izaten da Parlamentuak gaiari buruzko ebazpen bateratua onartzea, baina Euskal Herriko prozesuaren inguruan halakorik izango den ikuskizun dago. Talde parlamentarioetako buruek eztabaidaren bezperako egunetan erabakiko dute ebazpenik izango den.

Europako Alderdi Popularra saioaren data aldatzen saiatu da; hau da, urrian barik azaroan egin zedin. Talde popularraren buruzagi Hans-Gert Poettering alemaniarrak urriko data Batasunak ezarri zuela iritzi dio, eta, ondorioz, "onartezintzat" jo du data hori onartzea.Hala ere, ez da eztabaida egitearen kontra agertu.

Espainiako PPk, ordea, gogor kritikatu du Europako Parlamentuaren erabakia, eta "terrorismoaren xantaiari" amore ematea dela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.