POLITIKA

Urriaren 25eko jaieguna bertan behera uztea proposatuko du EAJk

Euskadiren Eguna beste egunen batean ere ez egitea nahi du EAJk. Atzo, EH Bilduk proposatu zuen urriaren 25aren ordez abenduaren 3a —Euskararen Eguna— izendatzea jaiegun. EH Bilduk ontzat jo du EAJk bere jarrera "zuzendu" izana. PSEren ustez, EAJk "ezkutatu" egin du urriaren 25eko jaieguna kentzeko asmoa EH Bilduk Euskararen Egunarekin ordezkatzeko eskatu duen arte.

2013ko maiatzaren 29a
16:52
Entzun

Urriaren 25a Euskadiren Eguna izendatu zuen Patxi Lopez buru zuen Eusko Jaurlaritzak, eta jaieguntzat jo zuen. EAJk, ordea, lege proposamen bat aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean egun hori jaieguna izan ez dadin.

2013ko urriaren 25a jaieguna izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina 2014koan laneguna izatea nahi du EAJk, gaur Koldo Mediavilla EAJko Euzkadi Buru Batzarreko kideak adierazi duenez. Oroitarazi du PSEk eta PPk izendatu zutela urriaren 25a jaiegun, UPDren babesarekin.

Jaiegun hori bertan behera utzi eta beste egunen batera mugitzea baztertu du Mediavillak, "euskal gizartean tentsio gehiago sor ditzaketen polemikak saihesteko".

Euskararen Eguna

EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jai-egutegia aldatzeko. Zehazki, Gernikako Estatutua onartu zen dataren ospakizuna, urriak 25, bertan behera utzi eta, horren ordez, Euskararen Nazioarteko Eguna, abenduak 3, jaiegun izendatzea proposatu du koalizioak.

Pello Urizarrek azaldu duenez, "mozioaren helburua argia da, zatiketa politikoa eta soziala dakarren data bat jai-egutegitik ateratzea eta, horren ordez, batasuna sinbolizatzen duen beste bat izendatzea".

Gaur, Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileak ontzat jo du EAJk bere jarrera "zuzendu" izana, eta "beste kontraesan batzuekin" berdin jokatzeko eskatu dio.

Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko EAJko bozeramaileak argitu du EH Bilduren mozioak "azkartu" egin duela jaiegun hori bertan behera uzteko erabakia. Urriaren 25a jaieguna izatea "inposatu" egin zutela azaldu du Egibarrek.

PSE

Urriaren 25eko jaieguna kentzeak erakusten du "zeintzuk diren EAJren lehentasunak eta obsesioak", PSEren ustez. Ohar baten bidez, PSEk nabarmendu du EAJk "ezkutatu" egin duela jaiegun hori bertan behera uzteko asmoa, eta EH Bilduk Euskararen Egunarengatik ordezkatzeko eskatu ondoren azalerazi duela asmo hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.