Nafarroako Gobernuak hezkuntza publiko ez-unibertsitarioan egin nahi dituen murrizketak salatzeko urriaren 27rako greba eguna deitu dute hezkuntzan ordezkaritza daukaten bederatzi sindikatuek: AFAPNA, ANPE, APS, CCOO, CSIF, ELA, EILAS, LAB eta UGTk. Horretaz gain, urrian zehar egun batzuetarako lanuzteak antolatu dituzte: urriaren 18rako ordubetekoa haur eta lehen hezkuntzan, 20rako ere ordubetekoa bigarren hezkuntzan eta lanbide hezkuntzan, eta bi ordukoa 25erako ikastetxe guztietan.
Sindikatuek irakasleekin batzarra egin dute gaur, Iruñean, eta han aurkeztu dizkiete protesta ekimenak. 600en bat lagun izan dira aretoan —dena bete da—. Bilkuraren ondotik manifestazioa egin dute Nafarroako Parlamenturaino.
Expe Iriarte LABeko ordezkariak batzarraren ostean adierazi du greba eguna baino lehenago Nafarroako Gobernuaren erantzunen bat espero dutela. "Irakasleek egin dute dagoeneko hautua: kalitateko irakaskuntza publikoa", esan du Iriartek.
Sindikatuei murrizketarik garrantzitsuena eskola orduak gehitzea —astean 17 ordutik 18 ordura— eta 200 langile inguru kaleratzea iruditzen zaie. Haien datuen arabera, neurri horiekin bi milioi euro aurreztuko dituzte hiru hilabeteean. Ikasturte osoan, berriz, zortzi eta bederatzi milioi euro artean aurreztu ahal izanen dira.