preso gAIXOAK

Urriaren 30ean emanen dute Ibon Fernandez Iradiren auziko epaia

Gaur arratsaldean iragan da Fernandez Iradiren zigor etenaren helegiteei buruzko auzia, Parisko dei auzitegian. Aukera guziak posible direla erran du Maritxu Paulus Basurko abokatuak.

Ni Ere Banoa kolektiboak prentsaurrekoa egin zuen atzo, Fernandez Iradiren egoeraz ohartarazteko. SYLVAIN SENCRISTO
maddi ane txoperena iribarren
2014ko irailaren 25a
07:06
Entzun

Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren zigor etenaren helegite auzia egin dute gaur Parisen. Esklerosi anizkoitza du Fernandez Iradik, eta Lannemezango espetxean dago preso. Prokuradoreak eta abokatuak helegite bana ezarri zioten ekainaren 20an epaileak onartutako zigor etenaldiari. Espero bezala iragan da epaiketa: prokuradoreak eskatu du zigorra ez eteteko, eta Maritxu Paulus Basurko abokatuak, berriz, epaileak ezarritako baldintza baliogabetzeko.

Izan ere, bi baldintza ezarriak zizkion epaileak zigor etenari: lehendabizikoa, Frantzian egoteko debekua indargabetua izatea, eta bigarrena, Pirinio Atlantikoetako departamendutik kanpo bizitzea. Lehendabiziko baldintza da arazo gehien ekar lezakeena. Izan ere, bertze auzitegi batera jo beharko luke Fernandez Iradik Frantzian egoteko debekua indargabetzea lortzeko. Horrek asko luza dezake prozedura, eta gaitzak okerrera egin dezake bitartean.

Maritxu Paulus Basurko abokatuak adierazi duenez, ez dago Ibon Fernandez Iradiren aurretik bertze halako kasurik; beraz, ezin da jakin zein delibero emanen duen epaileak. Urriaren 30ean jakinen da epaia, arratsaldean. Ordua ez dute zehaztu. Ni Ere Banoa kolektiboak epaia jakiten den egunean 18:30ean suprefekturaren aitzinean elkarretaratzea eginen duela iragarri zuen atzo emandako prentsaurrekoan. Deliberoa Fernandez Iradiren askatasunaren aldekoa izatea espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.