Altsasuko auzia

Urrizola Zaballako espetxean dago, eta Ramirez de Alda Iruñekoan

Berri agentziek zabaldu dute Aratz Urrizola Zaballako espetxera eraman dutela eta Adur Ramirez de Alda Iruñekora. Altsasuko gurasoek jakinarazi dutenez, hasi dute Oihan Arnanz eta Iñaki Abad ere Euskal Herriratzeko prozesua.

Altsasuko gazteak libre uzteko eskatzen duen pankarta bat. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2018ko abuztuaren 31
09:56
Entzun

Aratz Urrizola eta Adur Ramirez de Alda Euskal Herrira ekarri dituzte: Urrizola Zaballakora eraman dute, Soto del Realekotik (Madril); eta Ramirez de Alda Iruñekora, Aranjueztik (Madril). Altsasuko gurasoek beren Twitter kontuan baieztatu dute bien deiak jaso dituztela, eta bidaiarengatik nekatuta daudela esan dietela. Egokitzen ari direla orain.

Efe berri agentziak jakinarazi du biak Euskal Herrian direla jada. Jakina zen ekarriko zituztela, Espainiako Espetxe Zuzendaritzak larunbatean berretsi baitzuen hala egingo zutela.

Joan zen astean, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea eraman zituzten Zaballara. Arratsaldean, berriz, gurasoek jakinarazi dute Oihan Arnanz eta Iñaki Abad Euskal Herriratzen hasi direla, eta Jokin Unamunorena baieztatzea besterik ez dela falta. Orain, senideek ez dute Abaden eta Arnanzen berririk izango horiek espetxe berrietara iristen diren arte, eta astebetez luza liteke epe hori. Guztiak Altsasuko auziagatik dauzkate preso.

Horiez gain, beste hiru preso Euskal Herriratu dituzte ekainean PSOE Espainiako Gobernura heldu zenetik: Olga Sanz eta Xabier Moreno izan ziren aurreneko biak: eta Villabonako espetxetik (Asturias, Espainia) Basaurira (Bizkaia) lekualdatu zituzten; Alfredo Remirez, berriz, Darocatik (Zaragoza) Iruñera eraman zuten. Beraz, zazpi dira oraingoz Euskal Herriratutakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.